Etiopia[1] (amhareraz: ኢትዮጵያ, Ītyōṗṗyā), izen ofiziala Etiopiako Errepublika Federal Demokratikoa (amhareraz: የኢትዮጵያ ፌዴራላዊ ዲሞክራሲያዊ ሪፐብሊክ, yeʾĪtiyoṗṗya Fēdēralawī Dēmokirasīyawī Rīpebilīk), ipar-ekialdeko Afrikako estatu itsasgabea da, Afrikako Adarrean kokatua. Iparralde eta ipar-ekialdean Eritrea du; Djibuti eta Somalia, ekialdean; Kenya, hegoaldean; eta Sudan eta Hego Sudan, mendebaldean. 1.104.300 kilometro koadroko eremua du, eta 2017an 105 milioi biztanle zituen.[2] Hiriburua Addis Abeba da.
Historian zehar beste herrialde batzuen eraginpean, eta sarritan okupatua, izan den arren, Afrikan erabat kolonizatu ez duten herrialde bakarretakoa da, eta bertako eta munduko herrialde independenterik zaharrenetakoa. Bigarren Mundu Gerraz geroztik, munduko herrialderik handienen mende egon dira Etiopiako ekonomia, politika eta gudarostea. Ekonomian defizit handiak ditu, eta herrialde barneko egoera nahasiari egotzi izan zaio horren errua. Dena dela, lehorte izugarriak jasan ditu eta gosete larriak eragin ditu horrek, batez ere 1970. urte inguruan eta 1980ko hamarkadan. Nazioarteko laguntzen beharra izan zuen hondamen horiek gainditzeko.