Etxeko hegaztia (puralla, poalla eta polailla izenez ere ezaguna)[1] gizakiak etxekotutako hegaztia da, zeina haragia, arrautzak nahiz lumak lortzeko hazten den [2]. Izendapenak nagusiki barnebiltzen ditu galliformeak (oilaskoak, oiloak eta indioilarrak) eta anseriformeak (ahateak eta antzarrak).
Halere, ez da izendapen guztiz zehatza, multzo honetan sartzen baitira sukaldatzen diren beste hainbat hegazti ere, hala nola usoak, faisaiak, galeperrak, eperrak eta birigarroak (ehiza-hegazti izenez ere ezagunak), bai eta ostrukak ere.
Duela 5.400 urte inguru etxekotu ziren lehenbizikoz etxeko hegaztiak Asiako hego-ekialdean [3]. Hasiera batean, jendeak naturan bildutako arrautzak inkubatu eta hegazti gazteak hazten zituzten, baina geroago hegaztiak etengabe itxian mantentzea etorri zen. Baliteke etxekotutako oilaskoak hasieran oilar-borroketarako erabiltzea [4] eta galeperrak bere kantuagatik haztea, baina laster ulertu zen itxian hazitako elikagai-iturri bat izatearen onura. Mendeetan zehar, hazkuntza selektiboa egin zen hazkuntza azkarra lortzeko, arrautzak erruteko gaitasuna, konformazioa, lumajea eta otzantasuna lortzeko, eta arraza modernoek oso itxura desberdina izan ohi dute arbaso basatien aldean. Nahiz eta hegazti batzuk oraindik ere talde txikietan hazten diren sistema estentsiboetan, gaur egun merkatuan dauden hegazti gehienak merkataritza-enpresa intentsiboetan hazten dira.
Hegazti baten zati ia guztiak jangarriak badira ere, atal gozoenak hegaldiaren bularreko muskuluak dira, "petxuga" izenekoak, eta beheko gorputz-adarretako lehen eta bigarren segmentuetako muskuluak, izter eta hanka izenekoak, hurrenez hurren; hauek dira sukaldean gustukoenak. Goiko gorputz-adarrak edo hegalak, lepoa, hankak eta erraiak ere erabiltzen dira, neurri txikiagoan bada ere.
Oilaskoetan eta, oro har, hegaldi iraunkorrik ez duten edo hegalariak ez diren hegazti guztietan, bularreko muskuluak ez daude erabilera iraunkorrerako egokituta, eta oxigenoa garraiatzeko mioglobina gutxiago dute beheko gorputz-adarretako muskuluek baino. Horrela, kolore zuriagoa dute, eta, beraz, bularkiari "haragi zuria" esaten zaio. Gainerako zatiei "haragi iluna" esaten zaie. Hegazti hegalarietan, hala nola uretakoetan eta ehizakoetan, bularreko muskuluak hegaldi iraunkorrerako egokituta daude, eta, beraz, haragi iluna dute. Bestalde, aire zabaleko hazkuntzak tonu horixka ematen dio bere haragiari [5].