Euskal presoen sakabanaketa

Euskal Presoak Euskal Herrira! kanpainako bandera bat, Zarauzko LABeko egoitzan

Euskal presoen sakabanaketa edo urrunketa Espainiak (1988tik 2023ra arte) eta Frantziak (2019ra arte) ETAko eta euskal gatazkarekin lotutako preso guztiekin erabilitako politika penitentziarioa izan zen. Politika honen helburua presoen bakartzea zen, ETAk haiengan omen zuen eragina txikiagoa izan zezan. 2008ko abenduan, Espainiako Barne Arazoetarako ministro Rubalcabak (eta beranduago PPko beste politikari batzuk) adierazi zuten espetxe politika ETAren aurka Espainiako Estatuak zerabilen estrategia zela, eta presoak baliatzen zituztela ekinbide horretan. [1][2] 2009ko irailean, EAEko Barne sailburu Rodolfo Aresek berretsi zuen espetxe politika borroka antiterroristarako tresna bat zela.[3] Espetxe politika horren ondorioz EPPKko kide diren presoetako gehienak Euskal Herritik kanpo zeuden kartzelatuta. Sakabanatze politikaren aurka ekimen ugari egin dira, horietako bat Euskal Presoak Euskal Herrira dinamika.

Nahiz eta hasieran presoen sakabanaketa soilik etakideen aurka erabili, beranduago Dena da ETAren preso guztien aurka erabiltzen zen politika bat bihurtu zen. Adibidez Segi edo Haikako partaidea izateagatik kondenatuta izan zirenak edo eta ETAren aldeko apologia egin zutenekin.

Etxerat presoen senideen elkartearen esanetan, 2007ko irailean guztira ziren ETAko eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko 608 presoetatik, Espainiako 51 kartzelatan zeuden 450; eta gainerako 153ak, Frantzian, 32 espetxetan. Euskal Herrian, 16 baino ez zeuden.

Etxerat presoen senideen elkartearen esanetan, 2017ko azaroan guztira ziren ETAko eta Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduko 312 presoetatik, Espainiako kartzeletan sakabanatuta 238 zeuden; eta 64, Frantziako gartzeletan sakabanatuta, Portugalen, Alemanian eta Brasilen denetara 4 preso zeuden. Euskal Herrian, 6 baino ez zeuden.

2018ko abuztuan, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroaren hitzen arabera, Espainiako gartzeletan zeuden presoen artean, 203 euskal preso lehen graduan zeuden, 28 bigarren graduan eta bi hirugarrenenean —Sanz eta Moreno—. Horietatik 205 gizonak ziren eta 28 emakumeak. Txosten horretan, ez zuen argitzen Dena da ETAko presoak, (Alfredo Remirez edo Altsasuko gazteak adibidez) datu hauen barnean zeuden hala ez [4].

2022ko hasieratik sakabanaketa hasi eta 30 urte baino beranduago, lehenengo aldiz Hego Euskal Herriko kartzeletan preso gehiago zeuden kanpoko kartzeletan baino[5]. Hurrengo urteko martxoaren 24an, Espainiako Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak iragarri zuen Euskal Herriaz kanpoko azken presoak bertara lekualdatu zituela, era horretan 34 urteko sakabanaketari amaiera emanez[6].

  1. «Rubalcabak onartu du presoak baliatzen dituztela ETAren aurka»[Betiko hautsitako esteka].
  2. https://elpais.com/elpais/2018/07/02/opinion/1530551319_048550.html
  3. «Ertzaintza Baionako polizia etxean egongo dela ziurtatu du Aresek», berria.info
  4. https://web.archive.org/web/20180830004954/https://www.berria.eus/albisteak/156074/presoak_legediaren_eta_bakarkako_irizpideen_arabera_hurbiltzeko_asmoa_azaldu_du_marlaskak.htm
  5. https://www.naiz.eus/eu/info/noticia/20220222/bost-preso-gehiago-euskal-herrira-71-oraindik-espainiar-kartzeletan
  6. (Gaztelaniaz) SL, TAI GABE DIGITALA. (2023-03-24). «El anuncio de cinco traslados sella el fin de la dispersión tras 34 años de sufrimiento» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-03-25).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne