Ez Dok Amairu Euskal Herriko kultura mugimendu abangoardista bat izan zen. 1965 eta 1972 bitartean jardun zuen, eta lau urte lehenago abiatutako Euskal Kantagintza Berriaren barruan sortu zen. Hainbat artistek osatu zuten; abeslariek eta idazleek nagusiki. Une hartan hain azpiratua zegoen euskal kultura suspertu eta berritu zuen. Batez ere kultura arlokoa izan zen arren, eragin handia izan zuen politikan, Francoren diktaduraren amaierako aldi hartan. Sekulako lan berritzailea egin zuten: euskaraz ordu arte egindako aipagarrienetakoa izan zen, eta mugarri bihurtu zen. Besteak beste, Nova Cançó Catalana mugimenduko Setze Jutges taldearen eragina jaso zuten.[1]
Euskal kulturaren antzinako sustraiekiko lotura egiteaz gain, euskal kantagintzako hainbat abesti bildu zuen, Amerikako Estatu Batuetako, Frantziako edota Kataluniako kulturatik jasotako forma modernoagoak ere garatu zituen, guztia Euskal Herriak garai hartan bizi zuen problematika sozial, kultural eta politikoaren esparruan garatu ere.
2003an, Korrikako 13. edizioan mugimendua espresuki omendu zuten, eta urte hartako abesti ofiziala Mikel Laboak interpretatu zuen, beste batzuekin batera.