Artikulu hau serie honen zatia da: Euskal abertzaletasuna |
Oinarrizko kontzeptuak
|
Koalizio eta alderdi politikoak
|
Sindikatuak
|
Gizarte-eragileak
|
Talde armatuak
|
Eusko abertzale ospetsuak
|
Gertuko kontzeptuak
|
Ezker abertzalea Euskal Herriko alderdi politiko eta beste erakunde abertzale eta ezkertiarren joera soziopolitikoa da. Definizio zabal batean, Euskal Herriarentzako independentzia edo subiranotasuna, proiektu politiko sozialista batekin batera, aldezten duen joera da; definizio hertsiago baten arabera, berriz, eta jatorri historikoan oinarritua, Espainiako trantsizioan ETAren ondoan edo haren helburuekin sortutako alderdi politiko eta alboko erakundeen multzoa da, hau da, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua. Definizio zabaleko ezker abertzalean bereziki, heterogeneotasun eta desberdintasun nabariak izan dira, hain zuzen helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilerari eta abertzaletasunaren eta proiektu sozialistaren lehentasunari buruz.[1]
Dena den, ezker abertzalea esfera politikoan presentzia esanguratsua da gaurdaino, instituzioen barruan nahiz haietatik kanpo, hauteskunde-indar adierazgarria izanda nahiz gizarte mugimendu anitzen eragile eta erreferente gisan. Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ-PNV) betetzen duen euskal abertzaletasun kontserbadore eta historikoki nagusiarren paperaren erantzun modura sorturiko erreakzioa da eta, beraz, ezker abertzalea aski antikapitalista eta modu argian autodeterminista da. Egun, EH Bildu koalizioan (Hego Euskal Herrian) eta Euskal Herria Bai (Ipar Euskal Herrian) diharduten alderdi politiko, erakunde eta herritarrak kokatzen dira hor, hala nola Sortu, Eusko Alkartasuna,[2] Aralar, Alternatiba eta Ipar Euskal Herrian Abertzaleen Batasuna alderdiak, besteak beste. Sindikatuen artean, LAB, ESK, Hiru, ELB, EHNE eta STEE-EILAS ezker abertzalean edo haren inguruan daude.[3][4]
Bigarren esanahi batean, askoz mugatuagoa, kontzeptua ETAren oinordeko euskal nazionalismo erradikalari erreferentzia egiteko erabiltzen da.[5] Azkenik, Herri Batasunari zein Sorturi zein Sortutik gertuko alderdi politikoari erreferentzia egiteko sarri erabili da.[6]