Sofisma edo falazia argumentu[1][2] baten eraikuntzan arrazoitze baliogabe edo akastun baten erabilerari deitzen zaio. Falaziazko argumentu bat iruzurtia izan daiteke, dena baino hobea denaren itxura izan dezakeelako.
Falaziak premisa multzo batetik logikaz eratortzen ez den ondorio batera darama; hala ere, falaziaren ondorioa egiazkoa izan daitekeela hartu behar da kontuan, falazian ondorio horretara heltzeko prozesua baita okerra.
Falazia batzuk intentzionalak dira, norbait manipulatzeko edota konbentzitzeko asmoarekin; beste batzuk aldiz, intentzio gabekoak dira, ezjakintasun edota hutsegite batek bultzatuta egindakoak. Batzuetan falaziak oso burutsuak eta limurtzaileak dira, eta horregatik arreta handia jarri behar da antzemateko.
Sofismak edo falaziak, normalean “formal” eta “ez-formaletan” bana daitezke. Falazia formala logika sistema estandar edo arrunt batean txukunki espresatua izan daiteke; adibidez, logika proposizionala[1]. Aldiz, falazia informala arrazoiketan izandako akats[3] baten ondorioz sortutakoa da, eta ez logika forma desegoki batetatik eratorria.
Garrantzitsua da aipatzea falazia eta gezurra ez direla gauza bera. Gezurra baieztapen faltsua da, falazia aldiz, baieztapen horien arteko erlazio logiko okerra.