Fosil gida, fosil indizea edo fosil bereizgarria hondar paleontologikoa da, eta haren presentziak balio dezake zehaztasun pixka batekin datatzeko zer unitate estratigrafikotan dagoen, historia geologikoaren garai jakin bateko partikularrak edo esklusiboak baitira.[1]
Beste modu batean esanda, geruzen arteko korrelazio estratigrafikoa egiteko erabiltzen den fosil bereizgarria da. Fosil gida modura erabiltzen diren fosilek honako baldintzak bete behar dituzte: a) banaketa geografiko zabala, ahal dela kontinente batekoa baino gehiagotakoa izatea; b) espeziazio- eta suntsipen-tasa altuak, hots, denbora-banaketa estua; c) erraz identifikatzen diren ezaugarri morfologikoak; d) erraz fosiltzen diren zati gogorrak, eta e) sedimentazio-inguruneekiko, hots, faziesekiko independenteak izatea.[2]