Futbola taldekako pilota kirol bat da, hamaikana jokalariko bi talderen artean baloi esferiko batekin jokatze dena. 250 milioi jokalarik praktikatzen dute 200dik gora herrialdeta; beraz, munduko kirolik hedatuena da;[1][2][3] eta diru gehien mugitzen duen kirola ere bai, saskibaloiarekin, 1 Formularekin eta golfarekin batera. Kirola bere muturreko bi aldeetan ate bat duen zelai laukizuzen batean jokatzen da. Jokoaren helburua baloia aurkako taldearen atean sartzea da.
Futbola antzinarotik jokatzen den baloidun jokoetako batetik eratorritako kirola da. Gaur egungo kirolaren arauak 1863an sortu ziren, Ingalaterran The Football Association elkarteak futbol arauak sortu zituenean.
Jokalariek ezin dute baloia eskuekin edo besoekin ukitu jokoan ari diren bitartean, atezaina area penalean dagoenean izan ezik. Beste jokalariek hankak darabiltzate, gehienetan, baloia pasa edo atera botatzeko, baina batzuetan eskuak edo besoak ez diren beste gorputzaren zatiak ere erabiltzen dituzte. Partidaren amaieran gol gehien sartu dituen taldeak irabazten du, baina berdinketa baldin badago, partida horrela amai daiteke edo luzapena eta penalti jaurtiketak egin daitezke, lehiaketaren arabera. Munduan osoan, FIFA erakundeak kudeatzen du futbola, eta sei konfederaziotan banatuta dago: AFC, CAF, CONCACAF, CONMEBOL, OFC eta UEFA. FIFAk Munduko Futbol Txapelketa antolatzen du lau urtean behin.
Futboleko jokalariei futbolari deritze.