Gaixotasun autoimmune | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | hipersentsibilitatea, eritasuna, gaixotasun immunologikoa primary immunodeficiency disease (en) |
Espezialitatea | Immunologia Erreumatologia |
Arrazoia(k) | II motako hipersentsibilitate |
Sortzen du | kulunkatze eritasuna, lupus eritematoso sistemikoa Artritis erreumatoidea |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | ziklosporina, azatioprina, dexametasona, prednisona eta metilprednisolona |
Identifikatzaileak | |
GNS-9-MK | 720 |
GNS-10 | D84.9 eta M35.9 |
OMIM | 109100 |
DiseasesDB | 28805 |
MedlinePlus | 000816 |
eMedicine | 000816 |
MeSH | D001327 |
Disease Ontology ID | DOID:417 |
Gaixotasun autoimmuneak immunitate-sistemaren funtzionamendu okerraren ondorio dira, alegia, organismoak bere buruarekiko duen tolerantzia apurtzen denean (autotolerantzia) agertzen dira. Gaitz hauen oinarria gorputzaren berezko antigenoak eta kanpoko antigenoen arteko desberdintasuna ez ezagutzean datza.
Immunitate-sistema organismoak infekzioaren aurrean defendatzeko duen mekanismoen multzoa da. Mekanismo hauen bitartez (linfozitoak, antigorputzak, makrofagoak, konplementua...) organismoak mikrobio patogenoei eta zelula arrotzei aurre egiten die, eragile horien jarduera deusestatuz. Zuzen funtzionatzen duenean, immunitate-sistemak kanpoko birus edo bakterioen aurka gure organismoa babesten du.
Gaixotasun autoimmunea dagoenean, aldiz, immunitate-sistemak ez du berezko eta arrotzaren arteko bereizketarik egiten, eta organismoaren elementu batzuei (ehun, organo edo molekulei) eraso egiten die [1]. Organismoak bere buruari kalte egiten dio, funtsean.
Gaitz autoimmune bat dagoenean organismoak ehunek eta organoek dituzten azaleko antigenoen aurkako antigorputzak ekoizten ditu. Antigorputz horiei autoantigorputzak esaten zaie, organismo beraren aurkako antigorputzak direlako.
Autoimmunitatearen zergatia oraindik ez da ongi ulertzen, baina badira zantzu batzuk bere jatorriari buruz; herentziak eta joera genetikoak pisu handia dutela susmatzeko arrazoi sakonak daudela jakiten da, esaterako. Bestalde, histokonpabilitate-konplexu nagusiak eta giza antigeno leukozitarioen (HLA) formulak zer ikusi handia dute gaitz autoimmune askotan. Era berean, bakterioek edo birusek sortutako hainbat infekziok gaitz horiek piztu litezkeela susmatzen da [2], mimetismo antigeniko izeneko fenomenoaren bidez. Traumatismo batzuek ere ,antza, martxan jar dezakete gaixotasun autoimmune baten ibilbidea
Aldaketa hormonalak, azkenik, kasu askotan autoimmunitatearen jatorriaren atzean daudela baieztatu egin da. Beste hainbeste gertatzen da estresarekin: estresa gaitzaren pizgarria da sarritan, eta gaitzaren eboluzioa ere okertzen du, agerraldi akutuak eraginez.
Azken urteotan gaixotasun autoimmuneen jatorrian heste-flora eta heste-iragazkortasunaren aldaketak, joera genetikoa duen gizabanako batengan, leudekeela proposatu dute hainbat ikerlarik [3]. Hesteetako hainbat bakteriok gaitza piztuko luketen antigeno bereziak sortuko lituzkete, hesteetako hesia zeharkatzerakoan immunitate-sistemaren ez-ohiko erantzuna aktibatuz.
Immunologo gehienen iritziz, gaitz autoimmune bat pizteko bi faktore behar dira: joera genetikoa, alde batetik, eta ingurugiroko beste faktore bat (ezezaguna, gaur egun; mikrobio bat edo antigeno arrotz bat izan liteke). Bigarrenaren ezean, joera genetikoa bakarrik ez da nahikoa gaixotasun autoimmune bat sortzeko, biki monozigotikoekin egindako ikerketek agerian jartzen dutenez.
Gaitz autoinmuneen tratamenduan immunosupresoreak erabiltzen dira. Botika hauek immunitate-sistemaren jarduera moteltzen dute.