Garai (eraikina)

Santa Feko garaia: Baratzagaitzeko Santa Fe monasterioa (Nafarroa).
Iratxetako garaia (Nafarroa).
Gereixa, Markina-Xemeingo Barinaga auzoan (Bizkaia).
Orbaizetako (Nafarroa) garaia.
Pontevedrako garaia (Galizia).
Garaia Saas-Fee herrian (Suitza).
Suediako garaia.
Okinawa uharteko garaia (Japonia).

Garaia[1] (euskalkiaren edo tokiaren arabera: gare, garaixe, gereixa, galtegi, saltai, zalgategi, aletegi, aletoki, altegi, bihitegi, hazitegi, bandio, mandio, mandiota, selaru, selauru, selauri, soilaru, idortegi, idorde, aldategi, aldetegi, lagorio, zizku, troxa, trotxa[2]) baserri inguruetako garautegi, aletegi, mandio edo bihitegia da. Garaiaren berezkotasun nagusia elikagaiak lurretik aldentzean datza. Habearri izeneko zutabeek zubiluzea harriaren pisuari eusten diotenez, lurreko hezetasunetik eta karraskarietatik aldenduta elikagaiak ongi gordetzen dira. Hormetako zirrikituek barnealdea egurasten dute. Bertan hainbat motatako produktu edo lanabesak gordetzen dira: artoa, patatak, babarrunak, baserriko lanabesak, eta abar.

Eraikuntza hauek Iberiar penintsulako iparraldean (bereziki Galizia eta Asturiasen) oso ohikoak dira, eta Europako iparraldeko hainbat tokitan ere, landa eremuetan beti. Garai eraikuntzak beste hizkuntzetan dituen adierak: gaztelaniaz hórreo; galizieraz hórreo, cabazo, cabaceiro, cabaceira, canastro, paneira, piorno; asturieraz horru, hórreu, leoneraz horriu, kantabrieraz hurriu, portugesez espigueiro, canastro, caniço, norvegieraz stabbur, suedieraz härbre, stolphärbre, stolpbod, eta frantsesez raccard, regard.

XVII. mendearen hasieran artoa agertu zenean, artaburuak lehortzeko eta alea ez txantxartzeko eraikitzen hasi zen, klima atlantikoko negu luze, heze eta hotzak uzta goiz biltzera behartzen baitu. XIX. mendean beharrezkoa izan zen sabaia handitzea babarrunarei eta patatei tokia uzteko, horiek ere toki lehorra eta aireztatua eskatzen baitute[3].

  1. Euskaltzaindiaren hiztegi batua
  2. Auñamendi eusko entziklopedia
  3. Bizitza eta lana baserrian, Bertan, 4. Gipuzkoakultura.net

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne