Gauzen Internet

Gauzen Internet errepresentatzen duen marrazkia

Gauzen Internet (ingelesez: Internet of Things (IoT)) egunero erabiltzen diren tresnak interkonexio digitalaren bidez Internetekin konektatzen dituen kontzeptua da. Horren bidez, Internetera pertsona baino objektu gehiago konektatzea lortzen da. Egunero erabiltzen diren objektu guztiek “irrati-etiketak” balituzte, beste ekipo batekin kudeatu eta identifikatu ahal izango lirateke. 1999an Kevin Ashton-ek MITeko Auto-ID Center-en proposatu zuen kontzeptu hori. Bertan irrati-maiztasunen identifikazioa eta sentsoreen teknologia aztertu ziren.

Liburuak, termostatoak, hozkailuak, paketeria, lanparak, botikinak eta abar Internetera konektaturik egongo balira, teorian, ez litzateke iraungitako medikamenturik egongo, ezta biltegian ez dagoen produkturik ere. Gainera, produktuen uneoroko kokapena ezaguna izango litzateke, kontsumoa eta salerosketa kontrolpean egongo litzateke mundu osoan zehar, ez litzateke ezer bidalketan zehar galduko eta uneoro zein objektu dauden piztuta eta zein itzalita jakitea posible izango litzateke.

IoT aurrera eraman ahal izateko, 50-100.000 bilioi objektu kodifikatu beharko lirateke eta beraien mugimenduen jarraipena egin. Esaten dutenez, gizaki bakoitza 1000-5000 objektuz inguraturik dago; beraz, asko dira Internetera konektatu nahi diren gauzak. Gartner enpresak dioenez, 2020. urterako 26 mila milioi objektu egongo dira konektaturik gauzen Internet kontzeptuaren bidez. Bestalde, Abi Research-ek ziurtatzen du urte horretarako 30 mila milioi objektu egongo direla sarera haririk gabe konektaturik. Beraz, zifra zehatza ez bada ere, argi dago objektu asko konektatu nahi direla sarera. IPv4 protokoloarekin hori lortzea ezinezkoa da; horregatik, IPv6 protokoloa sortu da.

Cisco enpresa estatubatuarra lan handia egiten ari da kontzeptu horren inguruan; konexioen kontagailu dinamikoa sortu dute. Horren bidez, 2013 eta 2020 urteen artean konektaturik dauden objektuen kalkulua egin daiteke. Gehien lantzen ari diren arloa potentzia baxuko seinaleen bidez konektatzen diren gailuena da, ez baitute ez wifi ez bluetoothik behar. Hala ere, “Chip Networks” izenez aukera merkeagoak eta energia gutxiago behar dutenak aztertzen ari dira.

Gaur egun, IoT kontzeptua gailu, sistema eta zerbitzuen konexio garatua da eta hainbat protokolo, domeinu eta aplikazio hartzen ditu barne. Alcatel-Lucent-en Touchatag zerbitzua eta Violeta Mirror gadget-a erabiliz, edonork RFID etiketen bidez mundu errealeko elementuak sarera lot ditzake; Touchtag zerbitzuaren kasuan, QR kodeak erabiltzen dira.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne