Georgios Kondylis (grezieraz: Γεώργιος Κονδύλης; Prousos, 1878ko abuztuaren 14a – Atenas, 1936ko otsailaren 1a) greziar militar eta politikaria izan zen. Greziako erregeordea izan zen 1935ean eta lehen ministroa 1926an eta 1935ean.
1896an boluntario armadan sartu zen eta Greziako Talde Espedizionarioarekin borrokatu zuen Kretan. Mazedoniako Borrokan ere parte hartu zuen 1904 eta 1908 artean, gerrilla talde bat zuzenduz, eta Balkanetako Gerretan kapitain mailara igo zuten. Lehen Mundu Gerran Eleftherios Venizelosi eta Defentsa Nazionaleko Behin-behineko Gobernuari lagundu zien. 1920an Konstantino I.a erregea berrezartzearen aurka agertu zen eta Konstantinoplara ihes egin zuen. 1922ko irailaren 11ko Iraultzaren ondoren itzuli zen, Jeneral mailarekin, eta altxamenduak erregearen alde zanpatu zituen 1923an.
1923an parlamentuko kide hautatu zuten Batasun Demokratikoaren hautagaitzan, eta geroago Alderdi Nazional Errepublikanoa sortu zuen. 1924an Gerrako ministro izan zen eta 1926an Theodoros Pangalosen diktadura kendu eta 1928an hauteskundeak antolatzeko gobernu bat eratu zuen.
Bere ideologia eskuinerantz biratu zen garai hartan. 1933an Gerra ministro izendatu zuten eta 1935eko martxoan Venizelosen estatu kolpe saiakera zapaldu zuen. Monarkia berrezartzearen aldekoa bihurtu zen eta 1935eko urriaren 10ean lehen ministro izendatu zuten. Egun berean, Alexandros Zaimis presidentea kargutik kendu eta bere burua Greziako erregeorde izendatu zuen. Errepublika indargabetu eta erreferenduma antolatu zuen azaroaren 3an. Bozketa iruzurrezkoa izan zen eta monarkiaren itzulera babestu zuen.
Jurgi II.a erregeak Kondylis lehen ministro bezala mantendu zuen baina laster aurre egin zioten eta Kondylisek azaroaren 25ean dimititu zuen. 1936ko hauteskundeetan bere alderdiak hamabost diputatu irabazi zituen eta Kondylis handik gutxira hil egin zen bihotzekoak jota. Garai hartan bere ideologia faxismotik eta Mussolinitik hurbil zegoen.