Gernu-aparatuaren fisiologia

Gernu-aparatuaren fisiologia gernu-aparatuaren funtzionamenduaren azterketan datza. Aparatu horren eginkizun nagusiak zelulen katabolismoan sortzen diren hondakinak kanporatu eta gorputzaren barne-inguruaren homeostasia mantentzea da.

Proteina eta base nitrogenatuen katabolismoan organismoarentzat toxikoak diren hainbat molekula sortzen dira: urea (proteinen katabolismoan), azido urikoa (base nitrogenatuen katabolismoan), NH3, gatz mineralak, etab. Gernu-aparatuak substantzia hauek odoletik kendu eta gernuaren bidez kanporatzen ditu. Gauza bera egiten du beharrezkoak diren baina odolean kontzentrazio handian dauden beste substantziekin: ura, ClNa....

Labur esanda, esan daiteke gernu-aparatuak odola garbitzen duela.

Gernu-aparatuaren organo garrantzitsuenak giltzurrunak dira. Giltzurrunetan odol zikina garbitzen da eta dituen hondakin toxikoak bertan uzten dira, gernuaren bidez kanporatuak izateko. Giltzurrun-arteria giltzurrunetara iristen da hondakinez beteta. Arteria hori kapilar txikietan banatzen da, eta kapilar horiek giltzurrunen nefronetan sartzen dira. Bertan, hondakinak iragazi eta xurgatzen dira, eta baita ura ere. Hondakinak eta ura kanporatuak izaten dira gernuaren bidez eta odol garbia giltzurrun-zainetik irteten da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne