Biologian eta epidemiologian, gordailu naturala gaixotasun infekzioso bat eragiten duen eragile patogenoaren ostalaria (animalia edo gizakia) da, eragile patogeno hori eramaten duena. Ostalari horretan eragile patogenoa (eskuarki, mikrobio bat edo bizkarroi bat) hazi eta bere bizi-zikloa osatzen du. Gordailu naturaletik, eragile patogenoa pertsona bat infektatu dezake. Gordailu naturala animalia bat denean, eta gizakia infektatzen duenean, sortzen den gaixotasun infekziosoari zoonosi deritzo.
Zentzu zabalean, gordailu naturala animalia edo gizakia ez ezik, ura, lurzorua edo beste eragile bizigabe batzuk izan daitezke, patogenoaren hazkuntza errazten dutenak [1] . Esaterako, lurzorua Clostridium botulinum eta Clostridium tetanien gordailu naturala da, botulismo edo tetanosa eragiten dituzten mikrobioen gordailua; ura Vibrio cholerae edo Salmonella typhiren gordailua da, bertan kolera edo sukar tifoidearen mikrobioak bizi daitezkeelako, etab. [2].
Gaixotasun infekziosoen gordailua ezagutzea garrantzia handikoa da, gordailua ezagututa hobeto ekidin daitekeelako gaitzaren transmisioa.
Bizidun patogenoa daraman gordailu naturala (animalia ala gizakia) osasuntsua izan daiteke (hots, ez du sufritzen patogeno horrek eragiten duen gaixotasuna). Beste kasu batzuetan, aldiz, patogenoak ostalaria ere gaixotzen du.