Gotzon Garate | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elgoibar, 1934ko irailaren 1a |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Bilbo eta Deustu, 2008ko urriaren 8a (74 urte) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Madrilgo Complutense Unibertsitatea Deustuko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | gaztelania euskara ingelesa alemana hindia greziera frantsesa errusiera latina |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea, apaiz katolikoa, unibertsitateko irakaslea eta hizkuntzalaria |
Enplegatzailea(k) | Deustuko Unibertsitatea |
Genero artistikoa | detektibe-fizkioa Entsegua |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | katolizismoa |
Erlijio-ordena | Jesusen Konpainia |
Gotzon Garate Goihartzun (Elgoibar, Gipuzkoa, 1934ko irailaren 1a - Bilbo, Bizkaia, 2008ko urriaren 8a) euskal idazlea, hizkuntzalaria eta apaiz jesulaguna izan zen. Abertzalea zen, eta areago euskaltzalea:
« | Euskaldun batzuek Euskal Herriaren independentzia Madriletik libre ibiltzearren nahi dute. Edo ekonomia hobea lortzearren.
Beste batzuek ordea, geure nortasunari eutsi nahi diogulako. Garbi ikusten dugu, independentziarik gabe euskara ez dela beharrezkoa izango eta Euskal Herria Erdal Herria bihurtuko dela. |
» |
Gotzon Garate[1] |
Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean Filosofian doktoratu zen, Innsbruckeko Unibertsitatean Teologian lizentziatu zen, Deustuko Unibertsitatean Filologia Erromanikoan lizentziatu zen, eta Fribourgeko Unibertsitatean Marxismoan espezializatu zen.
1976an Euskal Filologiako ikasketak abiarazi zituen Deustuko Unibertsitatean, hura izanik ikasketok abian jartzeko lehen saioa unibertsitate batean. Oso zaila izan zen ikasketa horiek aurrera ateratzea, baina hainbat pertsonaren inplikazioari esker, azkenean lortu zuen.[2] Euskal Filologiako katedraduna izan zen, eta eskolak eman zituen.
« | Kontua da Bilboko Deustuko Unibertsitatean ez zegoela euskal filologiarik, eta Gotzon Garatek "tranpa" eginez atera ahal izan zuela aurrera. Hedabideren batean-edo esan zuen Deustun euskal filologia zabalduko zutela Bilbon, gauza egina balitz bezala. Gezurra zen. Bota zuen fraideei ezer ere esan gabe, eta gero esan zien jendea izan bazuela. Hori ere gezurra. Horregatik deitu gintuen, ezagutzen gintuelako, eta bazekielako interesa genuela. Hala ibili zen jendeari deika, apuntatzeko. Mirakulu bat lortu zuen Gotzon Garatek. | » |
Oso maiz joaten zen Estatu Batuetara, New Yorkera bereziki, literatura eskolak jasotzera. Hango latinoamerikar jatorriko bizilagunekin, spanglisha ikasi zuen; Indiara egindako bidaietan, hindia; eta Moskun, errusiera. Errusiako egonaldietan, Leninen jatorrizko idatziak ikertu zituen. Orotara, bederatzi hizkuntza zekizkien: euskara, espainiera, latina, greziera, frantsesa, errusiera, ingelesa, alemana eta hindia.[3]
1967tik aurrera, euskal atsotitzak biltzeari ekin zion, 2004an Atsotitzak liburuan argitaratu zituenak.
2005ean Argizaiola saria eman zioten Durangoko Azokan, kultura arloan egin zuen lanaren esker onez.