Gunnar Knudsen (Saltrød, 1848ko irailaren 19a – Skien, 1928ko abenduaren 1a) norvegiar itsasontzi-jabe eta politikaria izan zen, Norvegiako lehen ministroa 1908tik 1910era eta 1913tik 1920ra.
Itsas kapitain eta itsasontzien jabe baten semea izan zen. Chalmers Teknologia Unibertsitatean ikasi zuen Göteborgen eta ingeniaritzan graduatu zen 1867an. Gero Ingalaterrara joan zen Sunderlanden itsasontziak eraikitzeko teknikak ikastera. 1871n, lehenengo itsasontzia diseinatu zuen familia-konpainiarentzat, eta belaontziak lurrun-ontzietara aldatzea zuzendu zuen. Anaiarekin batera familiaren enpresa heredatu zuen eta 1904an Borgestad ontzi-enpresa sortu zuen.
Politikan Alderdi Liberaleko kide izan zen. 1886an Gjerpengo alkate bihurtu zen eta 1896an Telemarkeko gobernadore. 1891n Stortingeko kide hautatu zuten eta bere alderdiko buru izan zen 1909tik 1927ra. Bi aldiz izan zen Norvegiako lehen ministro, 1908tik 1910era eta 1913tik 1920ra. Bere gobernuak neurri sozialak, gaixotasunagatiko estaldurak eta ama ezkongabeen aldeko neurriak onartu zituen.