Half-Life (HλLF-LIFE idatzia) zientzia fikziozko lehen pertsonako tiroko bideo-jokoa da, Valve-k garatua eta 1998an Sierra Studios-ek argitaratua Microsoft Windowsentzako. Valve-ren eta Half-Life serieko lehen bideo-jokoa izan zen.
Jokalariak Gordon Freeman doktorearen papera hartzen du, ikerketa laborategi sekretu batetik ihes egin behar duena telegarraioko esperimentu bat behar ez bezala irten ostean. Bizirik irauteko etsaiak menderatu eta puzzleak ebatzi beharko ditu jokalariak.
Beste momentu hartako bideo-jokoek zinematikak erabiltzen zituzten, baina Half-Life jokoan jokalariak Freemanen etengabeko kontrola du, eta istorioa sekuentzia scriptatuen bidez kontatzen da. Valve-ren Gabe Newell sortzaileak taldeak mundu inmertsibo bat sortu nahi zutela esan zuen. Jokoaren motorea, GoldSrc, id Software enpresako Quake motorearen bertsio oso eraldatu bat da.[1]
Half-Life bere grafiko, errealismo eta narratiba arinengatik kritika oso onak lortu zituen. "Game of the Year" (Urteko Jokoa) deituriko 50 sari baino gehiago lortu zituen eta batzuetan sortutako jokorik onenetarikoa dela esaten da. Beste lehen pertsonako tiroketa-joko askorengan izan du eragina urte askotan. IGNren arabera genero honetako bideo-jokoak orain bi zatitan banatuta daude: pre-Half-Life garaia eta post-Half-Life garaia.[2]
Half-Life-ek 8 millioi kopia saldu zituen 2004ko Azaroaren 16rako, eta 9,3 millioi 2008ko Abendurako[3]. PlayStation 2rako moldatua izan zen 2001ean, eta OS X eta Linuxentzako 2013an[4]. Jarraipen bat izan zuen 2004ean, Half-Life 2[5].