Hamarkada Deitoragarria | |
---|---|
Mota | garai historikoa : Espainiako Erregimen Zaharra |
Honen parte da | Espainiako Aro Gairaikidearen Historia |
Denbora-tarte | 1823ko abuztuaren 31 - 1833ko irailaren 29a |
Herrialdea | Espainia |
Hamarkada Deitoragarria edo absolutismoaren bigarren berrezarpena (1823-1833) deritzo Espainiaren historia garaikideko aro bati; berau Fernando VII.aren erregealdiaren azken fasea izan zen (1814-1833), Hirurteko Liberalaren ondoren (1820-1823), zeinetan 1812an aldarrikatutako Cadizko konstituzioa indarrean egon zen. Zenbait historialarik, Josep Fontanak adibidez, bigarren izena nahiago dute zeren eta Fernando VII.aren heriotzetik haratago luzatzen baitu iraupena, absolutismoaren amaiera arte, 1834. urtera arte, alegia[1]. Ángel Bahamonde eta Jesus A. Martinez bat datoz ideia horrekin: «1834an finkatu zen trantsizio adostuaren» barnean sartzea, eta aldi horretako «azken fasea» izatea[2].
Hamar urte horietan errepresioa eta erbestea pairatu zuten liberalek asmatu zuten Hamarkada Deitoragarria terminoa —hau da, gorrotagarria—[3]. Benito Pérez Galdós idazle progresistak Episodios Nacionales laneko atal bat 1824ko terrorea izendatu zuen. Marcelino Menéndez Pelayo bezalako autore kontserbadoreak Fernando VII.aren erregealdiko azken etapa hau «absolutismo basati, degradatzaile eta goibeltzat» jo zuen[4]. Jean-Philippe Luis hispanista frantziarrak ñabardura bat egin dio aldiaren ikuspegi horri: «Alde batetik, hamarkada deitoragarria ez da mundu baten amaierara murrizten, baizik eta estatuaren eta gizarte liberalaren eraikuntzan parte hartzen du. Bestalde, erregimena aldi berean tiranikoa eta nahita edo nahi gabe erreformatzailea da». Azken horrek osatzen du Luisek «hamarkada deitoragarriaren beste aldea» deitzen duena. «Ikuspuntu askotatik begiratuta, bost urte hauetan zehar, oso ministro talde egonkor batek erregimena instituzioetan berritzeko egindako saioa ikusten da, lehen berrezarpenarekin alderatzen bada: sei ministrotik hiruk bederatzi urte ematen dituzte jardunean»[5].