Haritza Quercus generoko ehunka zuhaixka eta zuhaitzen izen orokorra da, bai eta harekin zerikusi handia duten beste genero batzuetako espezieena ere, Lithocarpus legez. Euskal Herriko haritz motarik ohikoena Quercus robur espeziea da, eta, horregatik, euskaraz haritz izena zehaztapen gehiago gabe aipatzen denean, normalean, espezie honi dagokio.[1]
Quercus generoa ipar hemisferiokoa da, hosto erorkor eta iraunkorreko espeziez osatua, eta Asian eta Amerikan lur hotzetatik tropikoraino hedatua. Haritzen fruituei ezkur deitzen zaie; eta zuhaitz hauen basoei, harizti.
Quercus generokoak izan arren, badira oro har haritz deitzen ez ditugun espezie batzuk, adibidez: Q. ilex (artea), Q. faginea (erkametza), Q. suber (artelatza), Q. coccifera (abaritza).