Hasle

DNA erreplikazio urkila. RNA haslea goian etiketatuta.

Hasleak harizpi bakarreko azido nukleiko kate laburrak dira, organismo bizidun guztiek erabiltzen dituztenak DNAren sintesia hasteko. DNA polimerasa entzima (DNAren erreplikazioa burutzen duena) nukleotidoak gehitzeko gai da soilik 3’ mutur aske batera, eta beraz, erreplikatu nahi den DNA kateari hasle bat lotuta egotea beharrezkoa da entzima honek erreplikazioa burutu ahal izateko.[1] DNA polimerasak nukleotidoak gehitzen ditu RNA hasleari lotu ostean eta DNA kate osoa sintetizatzen du. Ondoren, RNA zati hauek kendu behar dira eta DNArekin ordeztu, eta prozesu horretan “nick” izeneko koska bat geratzen da, ligasa izeneko entzima batek konpontzen duena, hau da, hutsunea kentzen da bi zatiak lotuz.[2] RNA hasleen ezabaketan hainbat entzimek hartzen dute parte; hala nola, Fen1, Lig1, etab., DNA polimerasarekin era koordinatuan lan egiten dutenak RNA nukleotidoen ezabaketa eta DNA nukleotidoen gehiketa modu egokian egiten dela ziurtatuz. Organismo bizidunek soilik RNAzko hasleak erabiltzen dituzte, baina biokimikako eta biologia molekularreko laborategiko tekniketan, non DNAren sintesia in vitro burutu behar den (DNA sekuentziazioan edo PCRan, adibidez), askotan DNAzko hasleak erabiltzen dira, tenperaturarekiko egonkorragoak diren aldetik. Hasleak laborategian diseinatu daitezke erreakzio espezifikoetarako, PCRrako (Polymerase Chain Reaction) adibidez. PCRrako  hasleak diseinatzerakoan, hainbat ezaugarri hartu behar dira kontuan; hala nola, haslearen fusio tenperatura eta hibridazio tenperatura. Halaber, haslea itsatsiko den DNAren sekuentzia espezifikoki aukeratu behar da, eta horretarako BLAST (Basic Local Alignment Search Tool) herramienta erabiltzen da, zeinak DNA eskaneatzen duen eta haslea lotzeko toki espezifikoak hautatzen dituen.

  1. Cox, Michael M.. (2015). Molecular biology : principles and practice. (Second edition. argitaraldia), 221–238, 369–376, 592–593 or. ISBN 978-1-4641-2614-7. PMC 905380069. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).
  2. Henneke, Ghislaine. (2012-10-15). «In vitro reconstitution of RNA primer removal in Archaea reveals the existence of two pathways» The Biochemical Journal 447 (2): 271–280.  doi:10.1042/BJ20120959. ISSN 1470-8728. PMID 22849643. (Noiz kontsultatua: 2022-03-22).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne