Hauteskunde-portaeratzat[1] hartzen dugu biztanleria boterearekin lotzen duen jokabidea, hau da, gizartea Estatuarekin lotzen duena eta botoaren bidez adierazten dena. Jokabide politikoaren esfera berezia den aldetik, hauteskunde-portaerak izaera instituzional eta konbentzionala du ezaugarri, ezarritako eta estandarizatutako zenbait arauk definitzen baitute denboran eta tokian. Hautesleek, aurkeztutako hautagaien aukeraketa, hauteskunde-legeek ezartzen duten aldian behin bozkatuko dute.
Botoa askotan, gizarte demokratikoetan egiten den egintza politikorik garrantzitsuenetzat ulertu izan da, boterearen azken eta funtsezko iturria herritarren borondatea dela ulertzen delako; izan ere, horiek erabakitzen baitute nork eta zein proiektu politikok lortzen duen boterea eta, hortaz, ordezkaritza nazionala zeintzuk osatuko duten. Horrenbestez, botoak gobernua legitimatzeko funtzioa edukiko du, adostasunerako oinarri bat ematearen alde, baina, aldi berean, mugak jartzeko balioko du, aldiro herritarren zenbaketaren pean egon behar duten buruzagi politikoei, berriz hautatuak izateko aukera maximizatzeko. Sufragioak gainera, kontrol politikoaren funtzioa ere betetzen du; izan ere, bide instituzionalak eskaintzen ditu eskariak, lehentasunak eta are desadostasunak adierazteko eta gobernuko eliteak haien artean aldaketak gauzatzeko.