Henri Matisse edo Henri-Émile-Benoît Matisse (Le Cateau-Cambrésis, 1869ko abenduaren 31 - Niza, 1954ko azaroaren 3a) frantziar margolari, eskultore eta diseinatzaile bat izan zen, kolorearen erabilera bereziagatik eta marrazki arin, distiratsu eta original batengatik nabarmendu zena. Marrazkilari, grabatzaile eta eskultore gisa, baina, batez ere, margolari gisa, arte modernoaren artista garrantzitsuenetako bat da Matisse. Fauvismoaren ordezkari nagusitzat hartzen den arren (estilo hori landu zuen lehen urteetan), Frantziako pinturaren tradizio klasikoaren ordezkari gisa ere txalotu izan dute.[1]
Lehenik, estilo akademikoan lan egin zuen, eta, ondoren, inpresionismoa, puntillismoa eta fauvismoa landu zituen, hiru estiloetan maisu izan zelarik. Nolanahi den ere, beti jarraitu zuen, heterodoxia baten barruan, fauvismoari leial izaten. 1917an, garai naturalista bat hasi zuen, kolore argi eta distiratsuekin, ikerketak bertan behera utzita. Aurrerago, baina, sinplifikazio ikerketa berrietara itzuli zen, adostasun kromatiko berriak bilatu zituen, eta indar gehiago emanda lerroari eta koloreari. Ondoren, kolore indartsuen ausardia areagotu zuen, tonuen kontrastez edo kolore batasuna ezarriz. Bere bizitzaren azken aldera, papiers collés bezalako teknikak landu zituen. Arkatzez eta lumaz ere egin zuen marrazkia. Grabatzaile gisa, bostehun lan baino gehiago ditu katalogatuta zenbait teknikatan, eta Frantziako literatur lan garrantzitsuak ilustratu zituen.[2]