Heste-flora, hesteetako flora edo heste-mikrobiota hestean bizi den mikroorganismoen multzoari deritzo. Mikrobio horiek harreman sinbiotikoa edo komentsalista mantendu ohi dute ostalariarekin. Mikrobio hauen artean, kopuruari dagokionez, bakterioak dira garrantzitsuenak, baina badaude ere onddoak eta protozooak.
Giza gorputzean dagoen bakterioen kopurua sekulakoa da: mikrobio gehiago ditugu giza-zelulak baino. Bakterio gehienak hestean daude, 10 bilioi inguru (1013 zelula)[1] [2]. Gorozkiekin bakarrik egunero bilioi bat bakterio baino gehiago kanporatzen ditugu (gorozkien pisu lehorraren herena bakterioei dagokie). Kopuru zehatza ezagutzen ez badugu ere, gutxi gorabehera 500 espezie bakteriar inguru gure hestean ditugula kalkulatzen da, gehien-gehienak ez-patogenoak, eta asko onuragarriak )[1] [3] [4]
Gizakiak ez ezik, animalia askok ere bakterioak behar dituzte haien digestio-aparatuan bizirik irauteko. Esaterako, bakteriorik ezean haurnaskariek ezin izango zuten zelulosa digeritu, ezta termita bezalako intsektuek ere (egurra jaten dutenak). Gure kasuan, heste-florak laguntzen digu, besteak beste, B taldearen bitamina batzuk eta K bitamina sintetizatzen [5].
Hesteko bakterio asko komentsalak dira, hots, ez diote inongo onurarik ekartzen haien ostalariari (ezta kalterik ere). Sinbiosi egiten dutenek, aldiz, onura ateratzeaz gain (ostalariak babesa eta elikagaiak ematen baitie) alde on asko ere eragiten dituzte ostalariarengan. Hona hemen aipagarrienak:
Espektro zabaleko antibiotiko bat ahotik hartzen denean luzaro, patogenoaz gain heste-flora ere kaltetua suertatzen da. Mikrobiota arruntik hestean ez badago, mikrobio oportunistek hartzen dute haien lekua (Staphylococcus, Proteus edo Candida albicans, esaterako). Egoera arruntean, organismo horiek ez dira hestean hazten, ezin baitute mikrobiota arruntarekin lehiatu. Hazten direnean, oportunista horiek gaixotasun bat eragiten dute. Antibiotiko-terapia bukatzen denean, mikrobiota arrunta berriz nagusitzen da, nahiz eta epe luze bat itxaron behar den hori gertatzeko [7].