Hipika Olinpikoa Olinpiar Jokoetan zaldi edo behorrek parte hartzen duten hipika modalitate orori esaten zaio. Beraz, doma klasikoa, jauzi lehiaketa eta hiru eguneko zaldi txapelketa osoa biltzen ditu gaur egun, bakarkako zein taldekakoak izan daitezkeenak. Hala ere, historian zehar hiru modalitate hauek ez dira izan Olinpiar Jokoetan zaldiak ikusteko izan ditugun aukera bakarrak, errepikatuenak eta praktikatuenak izan diren arren. Hortaz, zaldiek antzinatik parte hartu izan dute Olinpiar Jokoetan, 1896. eta 1904. urteetan izan ezik, ez baitzen zaldirik ikusteko aukerarik izan. Bestalde, antzina zaldiekin egiten ziren kirol modalitetateak eta gaur egungoak ez dira berdinak, 1900. urteko Pariseko Olinpiar Jokoetan jauzi lasterketa eta zaldiekin egindako altuera eta luzera jauzien lehiaketak zeuden, doma klasikoa eta hiru eguneko txapelketa beranduago sartu ziren Olinpiar Jokoen zerrendara, 1912an hain zuzen ere. Gainera, zaldiketen multzoaren barnean sartzen ez bada ere, poloa ere ikusgai izan zen bost urtetan Olinpiar Jokoetan, non halaber zaldien erabilera ezinbestekoa den, lehen edizioa 1900. urtean ikusi genuen Parisen. Azkenik, volteo deritzon modalitatea ere, zaldiaren gainean gimnastika egitean datzan kirola, ikusgai izan zen 1920ko Amberesko Olinpiar Jokoetan. Beraz, esan daiteke hipika kirolak betidanik izan direla Olinpiar jokoetan.[1]
Aipatzekoa da zaldiketen kirol modalitate desberdinetan gizon eta emakumeak batera lehiatzen direla, eta hori oso kirol gutxitan gertatzen da. Hala ere, hori ez da betidanik horrela izan; izan ere, 1952ko Helsinkiko Olinpiar Jokoetara arte soilik armadako ofizialek har zezaketen parte zaldi gaineko modalitate hauetan, baina joko haietan herritarren parte hartzea baimendu zen.[2]