Ikusgela
Neolitoa Erromatarrak euskal lurretan Euskal baleazaleak Iruñeko Erresuma Frantziako Iraultza Berlingo Harresia |
Historia unibertsala gizateriaren historia da (edo giza historia), eta zenbait diziplinek definitzen dute, besteak beste, arkeologiak, antropologiak, genetikak, hizkuntzalaritzak...; epemuga aldetik, hasiera idazketaren asmakuntzan dago, eta aintzat hartzen ditu erregistroetan jasotako historia eta baita bigarren mailako iturri diren ikerketak ere.
Gizateriaren historia idatziaren aurretik historiaurrea dago, Paleolitoarekin hasi zena; Neolitoa izan zen ondoren etorri zen aroa. Neolitoan Nekazaritza-Iraultza hasi zen, K.a. 8000 eta 5000 artean, Ekialde Hurbileko Ilgora Emankorrean. Garai honetan gizakia hasi zen nekazaritza eta abeltzaintza jorratzen[2]. Nekazaritzak aurrera egin ahala, gizaki gehienek bizimodu nomada utzi eta sedentario bilakatu ziren. Segurtasun erlatiboak eta produktibitatearen gorakadak baimendu zuen unitate sedentario horiek handitzea, bereziki garraio-hobekuntzen ondorioz.
Historiaurrean zein garai historikoetan, gizakiek beti behar izan dituzte ur edangarri iturri finkoak. K.a. 4. milurtekoan hasi ziren jada ibaien inguruan bizitzen, Mesopotamian Tigris eta Eufratesen artean[3], Egipton Niloaren inguruan[4][5], Indus ibaiaren magalean[6] eta Txinako ibai garrantzitsuenen inguruan[7][8]. Nekazaritzaren garapenak zereal ezberdinak lantzea hobetu zuen, urtaroen artean aleak gordetzea baimentzen zuen lanaren banaketa batekin. Lanaren zatiketak goi klase baten sorrera ekarri zuen, hiriak sortuz. Hiri horiek izan ziren zibilizazioen sortzaileak. Gizartearen konplexutasunak kontabilitate eta idazketa ekarri zituen.
Zibilizazioen loraldiarekin, Antzinaroa hasi zen, Antzinate klasikoa barne[9] (500. urte ingurura arte[10]), inperio ezberdinen sorrera eta gainbeherarekin. Historia post-klasikoan (Erdi Aroa barne, 500-1500 artean) Kristautasunaren hedapena, Islamaren Urrezko Aroa eta Pizkundea gertatu ziren. XV. mendearen erdialdean inprenta asmatu zen, tipo mugikorrak erabiliz[11]; honek komunikazioaren iraultza ekarri zuen, informazioa inoiz baino errazago elkarbanatzea baimenduz: Erdi Aroaren amaiera eta Iraultza zientifikoaren hasiera ekarri zuen[12]. Aro Modernoaren hasieran, 1500-1800 artean[13], Argien Garaia eta Esplorazioen Aroa gertatu zen. XVIII. mendean ezagutzaren eta teknologiaren metaketak masa kritiko nahikoa zuen Industria Iraultza baimentzeko. Honekin, Aro Moderno Berantiarra hasi zen, 1800etik aurrera eman zena[10].
Eskema eta historiaren zatiketa hau Mundu Zaharraren, eta bereziki Europa eta Mediterraneoaren historia azaltzeko sortu, garatu eta erabili zen. Eskualde hauetatik kanpo, bereziki Txina eta Indian, zatitze historikoak ezberdinak izan ohi dira. Hala ere, XVIII. mendetik aurrera, kolonialismoaren ondorioz, zibilizazio gehienen historiek bat egin dute. Azken milurtekoaren laurdenean, biztanleria, ezagutza, teknologia, komunikazio, merkataritza, armen suntsipen gaitasuna eta ingurumenaren degradazioa etengabe handitu dira, azelerazio konstantean; ondorioz, aukera eta arrisku berriak sortu dira planetan bizi diren komunitate guztientzat[14].