Historialaria unibertsitateko tituluduna eta espezialista profesionala da.[1] Historia zientzia edo diziplina akademiko gisa aztertzen, ikertzen eta argitaratzen du zientzia horretan espezialista gisa. Historialariak iraganaren eta haren narratibaren ikerketa metodikoaz arduratzen dira.[2] Historiografia testu historikoen ekoizpena da.
XIX. mendera arte, ezin da historiaz berez jarduera akademiko gisa hitz egin. Historialariak askotan gizarte-zientzialariak izaten ziren, eta iraganeko elementuak beste elementu filosofiko, geografiko, antropologiko, |erlijioso, juridiko, ekonomiko eta abarrekin nahasten zituzten. Sarritan, bigarren mailako jarduera zen, edo, besteak beste, teologo, legelari, politikari eta filosofoen aisialdia betetzeko aktibitatea. Horregatik, historiari lotutako hainbat lanbideren izenak zeuden, hala nola kronikagilearena (kronikak edo urte-liburuak idazteaz arduratzen den pertsona) edo antikuarioarena (antzinako objektuekiko interesa duen pertsona). Gaur egun historialaria, ordea, horretarako gaitzen duen goi-mailako hezkuntzako unibertsitate-titulua jaso duen pertsona da.
Historiaren izaeragatik, historialariak beste diziplina batzuekin harremanetan egon behar du. Historiako diziplina lagungarri deiturikoak dira, beharrezkoak bai iturriak erabiltzeko, bai historia interpretatzeko. Soziologia, ekonomia, antropologia, zientzia politikoa, genero-azterketak, paleografia, artxibistika, arkeologia dira horietako batzuk. Historialari bat espezialista izan daiteke ardatz tematiko batean (hala nola historia soziala, historia ekonomikoa, historia politikoa, historia kulturala, genero-historia, artearen historia, zientziaren historia...) edo aldi edo kokapen konkretu batean.