Horror vacui (latinezko "izua hutsari") esaera, artearen historian, bereziki margolaritzaren kritikan, arte lan bateko espazio huts oro nolabaiteko diseinu edo irudiren batekin betetzeko joera deskribatzeko erabiltzen da. Lauzatze matematikoaren edo zeltar elkarloturiko diseinuetan betetze eremu dentsoen ezaugarri orokorretako bat da.
Horror vacui adibide batzuk, objektu barbaroetan ikus daitezke, Sutton Hooko drakkar bikingoan edo Ruthwelleko gurutzean kasu. Barrokoko estetikako bereizgarria ere bada, eta, bereziki Rokoko estilokoa, baina baita arte islamiarrekoa eta arte bizantziarreko luxu harranditsukoa ere.
Esaera, bereziki, Mario Praz italiar ikerlari eta kritikoarekin lotzen da, viktoriar garaiko barne guneen diseinuko giro estutzaile eta ordenarik gabekoa deskribatzeko erabili zuena.