Igeriketa artistikoa (2017ra arte igeriketa sinkronizatua) igeriketa, gimnastika eta dantza bateratzen dituen uretako kirol bat da. Uretan, musikaren erritmoa jarraituz, mugimendu segida batzuk egiten dituzten igerilariak (banaka, binaka edo taldeka) ditu oinarri.
Hasieran neskek bakarrik praktikatzen zuten kirol bat izan arren, pixkanaka eta denborarekin, mutilek zein neskek praktikatzen duten kirol bihurtu da. Kirol honetan, ezinbestekoak dira, uretako gaitasun handiak izateaz gain, erresistentzia fisikoa, malgutasuna, artea, apnearen kontrola ur-azpian eta zehaztasuna denboran. Distirak, sormena eta makillajea, koordinazioa eta teknika bezain faktore garrantzitsuak dira.[1]
2015ean bikote mistoen diziplina gehitu zen, mutilen lehiatzeko eskaera zela eta. Igeriketa sinkronizatuan lehiatzen lehenengo mutila Bill May estatubatuarra izan zen, eta bigarrena Benoit Beaufils frantsesa. Espainiak ere bere bikote mistoa izan zuen, Pau Ribes eta Gemma Mengualek osatuta.