Artikulu sorta honen partea: |
Mekanika klasikoa |
---|
Fisikan, indar zentripetua deritzo higidura kurbatuaren kasuan ibilbidearen kurbadura-zentrorako noranzkoa duen indarraren osagaiari; beste hitz batzuekin esanda, indar zentripetua ibilbide kurbatuaren barruranzko osagai normala da. Indar izenari gehitutako “zentripetu” adjektiboa latinezko “centrum” (zentroa) eta “petere” (-rantz zuzendua) hitzetatik dator, honako kontzeptu hau adierazteko: «zentrorantz hurbilarazteko joera duena», eta egoki lotzen zaio indar zentripetuaren izaerari.
Newtonen bigarren legean oinarrituz ondoriozta daitekeenez, kurbadura-zentroranzko indar zentripetua egitean noranzko horretako azelerazioa sortzen da objektuan, zeinari azelerazio zentripetua deritzon.
Mekanika newtondarreko terminoak erabiliz, indar zentripetua indar erreala da, jatorri desberdinez sortua izan daitekeena, besteak beste :
Azken adibide honetan, indar zentripeturik ez balego, objektuak ez luke birarik egingo; baina sokak eginiko tentsioari esker, bola biraka arituko da. Horixe da alboko irudiko ezkerraldeko eskeman adierazten dena. Nolanahi ere, haria bat-batean apurtu eta etengo balitz (eskuinaldeko eskeman adierazita dagoen egoeran), une horretatik aurrera gorputzak higidura zuzena izango luke inertziaz, eta ibilbide zuzen hori aurretik ibilbide zirkularraren tangentea izango litzateke etete-uneko posizioan. Hain zuzen, higidura zirkularra kanpotik aztertzen ari den erreferentzia-sistema inertzial batean legokeen behatzaileak azalpen hori emango luke. Ordea, harian finko dagoen erreferentzia-sistema ez-inertzialeko behatzaileak bestelako azalpena emango luke, kontuan izan beharko bailuke sistema horretako indar zentrifugoaren eragina.