Inferentzia deduktiboa egiazko aurrekarietatik egiazko ondorioak ateratzeko prozesua edo buru-eragiketa da. Jasotako informaziotik edo premisetatik, ontzat hartzen den edozein hatsarretan oinarriturik, ondorioak ateratzea[1]. Gizakiok etengabe egiten dugun eragiketa logikoa da eta batzuetan behar diren ondorioak behar bezala dedukzioz ateratzen ditugu eta beste batzuetan ondorio okerrak ateratzen ditugu.
Irakurketa prozesuan inferentziak etengabe egiten dira. Idazleak badaki irakurleari ez zaiola informazio osoa eman behar. Irakurleak, hartzaileak oro har, kontu asko testuingurutik edota mezuaren igorlearekin aurretik partekatzen dituen ezagutzetatik, dedukzioz, aterako ditu. Kultura bera partekatzen duten igorleek kontu pilo bat komunikatzen diote hartzaileari aipamen zuzenak egin gabe ere. Horretarako hartzaileek zenbait dedukzio zuzen egin beharko: inferentzi logikoa edo inferentzia deduktiboak.