Ingurumen gatazka da ingurumenaren egoera andeatze edo okertze batek sortutako gatazka, ingurumen baliabideen kudeaketa txarraren ondorioz.[1][2] Oro har, zenbait alderdi egon ohi da halako gatazkatan: orobat, alde batetik, ingurumena babestu nahi duten ekintzaileak; eta, bestetik, ingurumena beste zerbaitetarako (erauzketa industriarako, eskuarki) eskatzen edo kudeatzen dutenak. Ingurumen baliabideak gaizki kudeatzen direnean, baliabide berriztagarriak gehiegi ustiatzera iritsi gaitezke; hau da kasua, esate baterako, gehiegizko arrantza edo basogabetzea. Gainera, horrela jokatuz gero gainkarga bat ezartzen zaio ingurumenari, kutsadurari eta beste sargai batzuei erantzuteko duen gaitasunean, eta gizakien nahiz naturaren bizi espazioa hondatzen da.[3]
Sarritan, ingurumen gatazkak loturik egoten dira justizia klimatikoarekin, herri indigenen eskubideekin, nekazarien eskubideekin edo beste bizibide batzuei egindako mehatxuekin, adibidez arrantzaleena edo ozeanoko baliabide naturalen mendeko komunitateena.[1] Ingurumen gatazkak beste era bateko eztabaida, liskar edo hondamendi naturalen erantzunak larriagotzeko gai izan daitezke, batez ere tartean gatazka geopolitikoak edo ingurumen migratzaileak daudenean.[4][2][3]