Iraizketa edo eskrezioa substantzia toxikoak eta metabolismoaren hondakinak (iraizkinak) izaki bizien barne ingurunetik kanpora igarotzea ahalbidetzen duen prozesu multzoa da. Ornodunetan iraitz-aparatuak iraizkin horiek odoletik kendu eta kanporatu egiten ditu, baina iraizketa prozesuan, izerdi guruinek, birikek eta gibelak ere parte hartzen dute.
Metabolismoaren ondorioz sortzen diren molekulen artean, karbono dioxidoa (CO2) (gluzidoen katabolismoan sortua) eta urea, azido urikoa eta amoniakoa (proteinen katabolismoan sortuak) aipagarrienak dira. Molekula horietako batzuk, gainera, oso toxikoak dira. Giltzurrunek eta iraitz-aparatuak, oro har, iraizkin horiek odoletik kendu eta kanporatu egiten dituzte gernuaren bidez. Baina, horretaz gain, onuragarriak diren baina kontzentrazio handian dauden beste substantzia batzuk ere (esaterako, soberako ura eta gatza) kanporatzen dituzte. Iraitz-aparatuaren zeregin nagusia, laburbilduz, barne-ingurunea garbitzea da.