Nekazaritzaren sorrera eta garapena erakusten duen munduko mapa: Ekialde Hurbila (orain dela 11.000 urte), Yangtze eta Ibai Horiaren arroak (orain dela 9.000 urte) eta Ginea Berriko Goi-Ordokia (orain dela 9.000-6.000 urte), Mexikoko erdialdea (orain dela 5.000-4.000 urte), Hego Amerikako iparraldea (orain dela 5.000-4.000 urte), Saharaz hegoaldeko Afrika (orain dela 5.000-4.000 urte, eta leku zehatza ezezaguna) eta Ipar Amerikako ekialdea (orain dela 4.000-3.000 urte).[1]
Iraultza neolitikoa edo Neolitoko iraultzagizakiaren hainbat kulturak mundu osoan zehar ehiztari-biltzaileak izatetik sedentario eta nekazari izatera emandako pausoa izan zen. Horregatik Nekazaritza iraultza edo Lehen Nekazaritza Iraultza ere esaten zaio. Horren ondorioz, biztanleriaren hazkuntza emendatzen hasi zen.[2][3] Komunitate sedentarioen ondorioz, landareak nola hazten eta garatzen ziren aztertu ahal izan zuten eta eurekin esperimentatu.[4]Ezagutza berri horrek landareen etxekotzea ekarri zuen.[5] Izena Gordon Childe australiar arkeologoak asmatu zuen 1941ean.[6]
Datu arkeologikoen bidez jakin daiteke landare eta animalienetxekotzea mundu osoko hainbat lekutan gertatu zela independenteki, gutxi gorabehera Holozenotik aurrera, orain dela 12.500 urte.[7][8] Munduan, nekazaritzan gertatutako lehenengo iraultza izan zen. Neolitoko Iraultzak eskuragarri zeuden elikagaien barietatea gutxitu zuen, elikagai zehatzak landatu eta etxekotu zirelako, giza nutrizioaren aldakortasuna murriztuz.[9]
Neolitoko Iraultza ez zen mugatu elikagai-sorrera teknika batzuen garapenera. Hurrengo milurtekoetan ehiztari-biltzaileen talde txiki eta nomadak eraldatuko zituen, herri eta hiriak sortuz. Sedentarizazio horrek gizartea sortuko zuen. Gizarte berri horiek euren ingurunea guztiz aldatuko zuten, nekazaritzarako eta abeltzaintzarako behar ziren beharren arabera, ureztatzea edo basogabetzea abiatuko zuten eta, ondorioz, elikagaien soberakina sortu zen. Garapen horrek biztanleria-dentsitatea handitu zuen, eta lanaren banaketa hasi zen, merkataritza bultzatuz, arte ez higikorraren garapena ekarriz, arkitektura garatuz eta egitura politiko eta administrazio zentralizatua sortuz. Garapen horren baitan gizarte-hierarkia eta bere ideologiak sortu ziren, idazketa asmatu zen eta jabetza pribatua. Munduko lehen zibilizazioa Sumerren sortu zen, Mesopotamiako hegoaldean, orain dela 5.500 urte inguru; bere sorreraren ondorioz, Brontze Aroa abiatu zen.[10][11]