Egunotan albiste da artikulu honetako gaia. Litekeena da orri honetako informazioa edozein unetan aldatzea, beraz. |
Israelen Gazako inbasioa | |
---|---|
Mota | Inbasio |
Honen parte da | 2023-2024ko Israel-Palestina gerra |
Denbora-tarte | 2023ko urria - |
Data | 2020(e)ko hamarkada |
Kokaleku | Gazako lur zerrenda |
Herrialdea | Palestina |
Yaron Finkelman (en) | |
Salman Habaka (en) | |
Parte-hartzaileak | |
Honen ondorioa | Gazako Zerrendako gosetea |
Pertsona hilak | 13.000 (2023ko azaroaren 23a) 12.000 (2024ko otsailaren 19a) 30.275 (2024ko otsailaren 29a) 21.052 (2024ko otsailaren 29a) |
Kronologia | |
UK Judges’ and Lawyers’ Open Letter Concerning Gaza (en) | |
Osatuta | |
Israelen Gazako inbasioa (2023-2024), Gazako biztanle guztien kontra Israelek egindako sarraskien eta suntsiketaren ondorioz Gazako genozidioa ere deitua,[1][2][3][4] palestinarren kontrako Israelen operazio militar luze bat da, 2023-2024ko Israel-Palestina gerraren barnean. 2023ko urriaren 7an, Gazako hainbat komandok, Hamas erakundea gidari zutela, Israelgo eskualde mugakideei eraso egin zioten. Erasoari erantzuteko, Israelgo agintariek erreserbistak mobilizatu zituzten, eta eskala handiko operazio militar bati ekin. Luze gabe, Gazako zerrendaren inbasioa hasi zen: lehendabizi, Israelgo Armadak aire erasoak egin zituen; eta, gero, lehorretik zuzenean lurraldera sartu zen, bi eremu bereiz setiatuz: iparraldea eta hegoaldea.
Hartara, Israelgo Armada inbasioaren hasieratik Gazako zerrenda osoan suntsipena eta sarraskiak eragiten ari da, eta nazioartean hainbat jende Israelgo Gobernua Gazan genozidioa egiten ari dela salatzen hasi zen. Israelen oldarraldiaren oihartzuna Zisjordaniara eta Ekialde Hurbilaren zati batera hedatu zen, AEBren esku hartzearekin. Israelgo agintariek maiz adierazi zuten Hamasen buruzagiak zituztela jomugan. Aldiz, Zerrenda osoari era guztietako hornidurak (edateko ura, elikagaiak, argindarra, gasa...) moztu zizkioten, nazioarteko legediaren kontra. Milioi bat pertsonaz gorako Gazako hainbat eremu herritarrez husteko agindu zuten. Israelek, Gazan, 2024ko azaroa bukatzerako kaltetuak edo suntsituak zituen etxebizitzen % 70, hiri nagusi guztiak, zuhaitzen eta nekazaritza lurren % 38 - % 48 bitartean, 200dik gora ondaregune, eskolen % 85 eta unibertsitate guztiak.[5] Gainera, Israel sistematikoki Gazako kazetariak hiltzen ari da, horren guztiaren berri eman ez dezaten.[6]
2.300.000 pertsona lekualdatu dira Gazan, alegia, biztanleria osoa, israeldar erasoetatik babesteko; gosetea, egarria eta hondamendi orokorra zabaldu da. 2024ko azaro hasierarako, Israelen erasoek zuzenean 43.000 pertsonatik gora hil dituzte, eta milaka gehiago zauritu;[7] eta, Israelek inposatutako setioaren eta egindako suntsiketaren ondorioz (janaririk eza, ur edangarririk eza, mediku arretarik eza...), 2024ko uztailerako gutxienez ia 200.000 hil zituela kalkulatu da,[8][7] gehienak haurrak eta emakumeak, bitarteko teknologikoen erabilera handi batez. 2025eko urtarrilerako, Gazako 38.500 haur umezurtz utzi zituen Israelen erasoak.[9] Israelgo Armadako gutxienez 635 soldadu hil dira 2024ko maiatza arte, palestinarrekin borroketan edo armakideek hilda.[10]
Biztanleria zibilaren kontrako Israelen eraso errepikakor, masibo eta latzek, biztanleen % 90 beren etxeak uztera behartu izanak[11] eta Gazako zerrendan eragindako azpiegituren eta bizilekuen suntsipen orokorrak (Israelgo Armadak zerrendako eraikin gehienak suntsitu ditu, % 70 eta % 85 artean)[8] gizateriaren aurkako krimenak, gerra krimenak eta genozidioa egitearen eta gerrari buruzko nazioarteko hitzarmenak urratzearen akusazioak erakarri dizkio estatu sionistari. Gainera, palestinarrak Gazako bizilekuetara itzul daitezen eragotziz, garbiketa etnikoa egiten ari dela egozten zaio Israeli.[12][13][14] NBEk bertako inoizko giza hondamendi handiena deitu dio Israelen erasoaldi honi. Protestak mundu osora zabaldu dira kaleetan zein unibertsitateetan. Nazioarteko krisi politiko handiena da, Ukrainako inbasioa hasiz geroztik, eta nazioartea bi polo nagusitan banatu du: Mendebaldeko herrialde gehienek israeldar inbaditzaileak babesten eta armaz hornitzen jarraitu dute; gainerako herrialdeen artean, gehienak palestinar inbadituak babestearen alde agertu dira.