Isurpen-limitea edo limite elastikoa materialen zientzian erabiltzen den terminoa da, eta material batek, deformazio plastikorik edo iraunkorrik gabe, jasan dezakeen tentsio maximoa adierazten du. Balio hori tentsio-deformazio kurba batean islatzen da (1. irudian ikus daiteke tentsio-deformazio kurbaren adibide bat). Balio horretara iritsi baino lehen deformazioak elastikoak izaten dira soilik, materiala bere hasierako formara bueltatzen delako tentsioa kendutakoan. [1]
Material guztiek duten propietate bat da, eta horien gogortasuna determinatzeko erabiltzen da. Gainera, hutsegite-teoriak lantzean ezinbestekoa da isurpen-mugaren balioa, horrekin material edo pieza baten deformazioak azter daitezkeelako.
Bere balioa jakiteko hainbat proba egin daitezke, horretarako makina desberdinak erabiliz. Hauen artean trakzio-saiakuntza dugu, eta proba horretan pieza angeluzuzen bati indar bat aplikatzen zaio alde luzearekiko edo motzarekiko ─nahi den aplikazioaren arabera─, pieza apurtu arte.