Itzulpen genetikoa mRNAtik abiatuta proteina osatuko duen aminoazido-katea sintetizatzeko prozesu anabolikoa da. Itzulpen genetikoa proteinen biosintesiaren prozesuetako bat da. Transkripzioan sortutako mRNA deskodetzeko eta proteinak sortzeko, gene-kodean oinarritzen da. Itzulpena zitoplasmako erribosometan gertatzen da[1], bai eukariotoetan, bai prokariotoetan. Erribosomak mRNA inguratzen duten bi azpiunitatez osatuta daude, bata handia eta bestea txikia[2].
Itzulpena oso prozesu konplexua eta garestia da, besteak beste, entzima eta koentzima ugariren parte-hartzea behar duelako. Fisiologikoki ere garestia da, zelula batek gastatzen duen energiaren % 90 proteinen sintesian erabiltzen baita. Energia-gastu handiko prozesua den arren, ezinbestekoa da zelularen biziraupenerako.