Izen-sintagmaren osagaien artean, izenlagun deritzo adjektiboaren funtzio bera betetzen duen baina atzizki berezia (-en ala -ko) daraman beste osagai bati: euskal gramatikan, gainerako deklinabide-atzizkien parekotzat hartzen dira, hots, haien ezkerretara izen-sintagma dago. Beraz, izen-sintagma baten barruan beste izen-sintagma bat egon daiteke, eta haren barruan beste bat, eta horrela:
Hor hiru izenlagun daude bata besteari itsatsirik. Izenlaguna, hortaz, osagai errepikakorra da izen-sintagmaren barnean: teorian behintzat, nahi adina luza liteke bata besteari kateatutako izenlagunen kopurua:
Adibide horretan izenlagunak bata bestearen osagai dira. Baina bestelako izenlagun-pilaketak ere gerta daitezke, adjektiboenak gertatzen diren bezala:
Izen-sintagma horretan hiru izenlagun daude: Bilboko, gure eta betiko, baina ez dago bata bestearen barnean txertaturik, ez da bata bestearen osagai, baizik hirurak dira lagun izenaren aldarazle edo zehaztaile. Era horretako izenlagun-metaketek muga handiagoak dituzte. Maiz anbiguotasunak gertatzen dira, gainera. Horregatik, hiruzpalau izenlagunetik gora nekez elkartzen dira:
Azken adibideak zer esan nahi duen jakitea ez da samurra. Halakoetan, hortaz, anbiguotasunetik eta sintagma astunegietatik ihes egiteko estrategiak bilatzen ditu hiztunak. Beraz, izenlagun-pilaketak daudenean, pilaketa horiek ez dira beti modu berean egituratzen: batzuetan, bata bestearen osagai izan ohi dira (Baztango mendi hartako gizon horren etxeko txakurraren zaunken zarataren bitxitasunak esnatu ninduen), baina, beste batzuetan, izenlagun desberdinak izen berari dagozkionak izan daitezke (Bilboko gure betiko lagunak agurtuko ditugu). Hortik sortzen dira, sarritan, anbiguotasunak. Nolanahi ere, izenlagun deitura osagaiaren funtzioari dagokio, ez kategoriari. Kategoriaren aldetik, izenlagunak postposizio-sintagmak (-ko atzizkia dutenak) edo kasu-sintagmak (-en atzizkia dutenak) dira. Perpausaren gainerako osagaiak ere, duten funtzioa gorabehera (subjektu, osagarri, adizlagun, etab.), kasu-sintagma edo postposizio-sintagma kategoriakoak direla esaten den bezala.