Jainko (monoteismo)

Artikulu hau Jainkoaren kontzeptu monoteistari buruzkoa da. Jainkoen kontzeptu politeista aztertzen duen artikulua hau da: Jainko (politeismo)
Katolikoen Jainkoa Adami bizia ematen.
Michelangeloren freskoa Kapera Sistinoko sabaian, (Vatikano Hiria).

Erlijio monoteistetan, Jainkoa, batzuetan Jaungoikoa ere deitua[Oh 1], naturaz gaindiko izaki gorena eta unibertsoaren sortzaile bakarra da, besteak beste, judaismoan, kristautasunean eta islamean.

Jainkoa bat bakarrik dela sinesten duten erlijioen artean ere, jainko horren izenak hainbat dira, erlijio batetik bestera eta hizkuntza batetik bestera aldatzen dira. Hala, juduek Elohim edo Adonai eta musulmanek Ala deitzen diote. Erlijio eta hizkuntza beraren barruan ere, hainbat izen erabiltzen dira. Adibidez, kristauek, euskaraz, Hirutasun Santua, Gure Aita, Jauna eta Jaungoikoa izenak erabiltzen dituzte. Bestalde, teologiak historian zehar jainkoa definitzeko kontzeptu eta ezaugarri ugari sortu ditu: Ahalguztiduna, Esentzia Gorena, Leku guztietan dagoena, Ongi Gorena, Betierekoa, Beharrezko Izatea... Era berean, deskribapen ugari izan ditu: gorputz gabeko izakia, izate pertsonala, moralaren oinarria...

Erlijio teista eta deistetan (baita beste sinesmen-sistema batzuetan ere), Jainko izena ematen zaio ahalguztiduna, nonahikoa, orojakilea eta pertsonala den izaki gorenari, edo jainko bakarrari monoteismoan, edo jainko nagusiari (monolatria) politeismo forma batzuetan, esaterako, henoteismoan[1].

Jainkoak ere adieraz dezake izaki goren ez-pertsonal bat, adibidez, panteismoan, eta, ikusmolde batzuetan, ideia edo arrazoiketa hutsa da, gogamenetik kanpoko ezein errealitate iraunkorrik gabea, hala nola sistema materialistetan.

Sarritan, Jainkoa naturaz gaindiko sortzaile eta unibertsoaren ikuskatzaile (teismo) gisa ulertzen da. Teologoek atributu ugari atxiki dizkiete Jainkoaren ikuskera ezberdin ugariei. Horien artean ohikoenak dira: orojakintza, ahalguztiduntasuna, nonahikotasuna, oronginahia (erabateko ongia), sinpletasun jainkotiarra eta betiereko existentzia. Jainkoa, halaber, hartua izan da: natura gorpuzgabetzat, izaki pertsonaltzat, betebehar moral ororen iturritzat eta existentziadun izaki bururagarririk handientzat[1]. Atributu horiek maila desberdinetan deskribatu zituzten lehen filosofo-teologo juduek, kristauek eta musulmanek, Maimonides[2], San Agustin[2] eta Al-Ghazali[3] barne, hurrenez hurren. Erdi Aroko filosofoek eta filosofo moderno ospetsu askok Jainkoaren existentziaren aldeko argudioak garatu zituzten[3].​ Ildo horretatik, filosofo eta intelektual garaikide askok Jainkoaren existentziaren aldeko zein kontrako argudioak garatu eta aztertu dituzte[4].


Aipuaren errorea: <ref> tags exist for a group named "Oh", but no corresponding <references group="Oh"/> tag was found

  1. a b (Gaztelaniaz) Richard Swinburne. 2024-05-28 (Noiz kontsultatua: 2024-07-26).
  2. a b Paul Edwards (philosopher) (1995): «God and the philosophers», en Honderich, Ted (ed.): The Oxford Companion to Philosophy. Oxford (Reino Unido): Oxford University Press, 1995
  3. a b Platinga, Alvin. "God, Arguments for the Existence of," Routledge Encyclopedia of Philosophy, Routledge, 2000.
  4. Haught, James A. 2,000 Years of Disbelief: Famous People with the Courage to Doubt. Amherst: Prometheus Books, 1996. ISBN 1-57392-067-3

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne