Jaiotza (Natibitatea)

Jaiotza, euskal etxe batean.

Kristautasunean, jaiotza Natibitate edo Jesus Nazaretekoaren jaiotzaren irudikapen plastikoa da, gehienetan Eguberria dela eta erakusten dena. Maria, Josef Nazaretekoa eta Jesus haurraz gainera, beste pertsonaiak jaso ohi ditu. Pertsonaia horien artean izan ohi dira artzainak, ardiak, eta aingeruak. Jaiotzako lekuaren ondoan Lukasen ebanjelioan deskribatutako animaliak egon ohi dira, ohikoenak asto bat eta idi bat. Errege Magoak ere euren gameluekin egon ohi dira, Mateoren ebanjelioan aipatu bezala. Betleemgo izarra jartzea ere ohikoa da. Kultura askotan Biblian jasota ez dauden elementuak jarri ohi dira.

Jaiotzaren irudikapenak denetarikoak izan daitezke: buztin, egur edo beste material bateko figura txikiz osaturik izan daiteke, elizako elementu arkitektonikoetan ager daitezke (fatxadan, erretaulan, ...) eta irudikapen biziak ere izan daitezke (non pertsona zenbaitek jaiotzan irudikatzen diren pertsonaiak antzezten dituzten). Etxebizitza partikularretan nahiz eskola, denda, lorategi eta beste toki publikoetan eratzen dira, bereziki Espainia, Italia, Frantzia, Polonia eta erromatar tradizio katoliko sustraitua duten herrialdeetan. Jatorrian kristau ohitura bada ere, maiz kultura nahiz arte elementu moduan erakusten da.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne