Jito genetiko

Jito genetikoaren analogia puxtarriekin. Puxtarrietan dagoen puntu beltz bakoitzak hurrengo belaunaldira pasatzen den puxtarrien kopurua adierazten du. Bost belaunalditan puxtarri urdinak besterik ez daude

Jito genetikoa, gene-jitoa, alelo-jitoa, edo Sewall Wright efektua (Sewall Wright biologoaren omenez) izenez ere ezagutzen da.  Hautespen naturalarekin batera jarduten du, espezieen maiztasun alelikoak denboran zehar aldatuz. Jito genetikoa efektu estokastiko bat da; alelo batzuk ausaz eta ez hautespen naturalez galtzearen eta ugalketan ausazko laginketaren ondorioa da. Belaunaldi batetik bestera aleloen maiztasuna ausaz aldatzean datza. Normalean, maiztasun txikieneko aleloak galdu egiten dira, eta maiztasun handienekoak (% 100 inguruko maiztasuna) finkatu egiten dira. Ondorioz, populazioaren dibertsitate genetikoa murriztu egiten da.  Hardy Weinbergen orekaren arabera, populazioen gutxieneko tamaina jakin batetik aurrera, baldin eta hautaketa- eta mutazio-prozesurik ez badago, efektu horrek garrantzia galtzen du, eta maiztasun genikoak egonkortu egiten dira[1].

Haustespen naturalaren antzean, jito genetikoak populazioetan eragiten du. Aleloen maiztasuna (maiztasun alelikoa) eta populazio bateko kideen aleloen predominantzia alteratzen du, eta taldearen dibertsitate genetikoa aldatu. Jito genetikoaren eraginak populazio txikietan areagotzen dira (botila-lepoa efektuan edo efektu fundatzaileetan gertatu ohi den bezala) eta adaptatiboak ez diren aldaketak eragiten dituzte[2].

Jito genetikoak populazio homozigotikoa eratzeko joera du, hau da, genotipo heterozigotikoak ezabatzeko joera. Gainera, populazio bakoitzean galdu eta finkatzen diren aleloak desberdinak izan daitezkeenez, jitoaren eraginpean espezie bereko bi populazio edo gehiago bereizten dira genetikoki.

Alelo baten maiztasuna belaunaldi batetik bestera alda daiteke, laginketa-errore deritzenei esker. Izan ere, populazioaren alelo guztietatik frakzio txiki bat baino ez da pasatuko hurrengora.

Gametoak progenia ekoizteko elkartzen direnean laginketa-errorea gertatzen da. Organismo askok gameto kopuru handia sortzen dute, baina, populazioaren tamaina txikia denean, gameto kopuru mugatu bat elkartzen da hurrengo belaunaldiko indibiduoak ekoizteko. Lagin mugatu horretan dauden aleloen gainean zoriak eragiten du, eta, hala, laginketa-erroreak jito genetikoa edo maiztasun alelikoen aldaketak eragin ditzake. Espero diren proportzioen desbideratzeak ausazkoak direnez, ezinezkoa da aldaketaren norabidea aurreikustea. Hala ere, aldaketen magnitudea aurresan dezakegu.

  1. (Gaztelaniaz) La estructura de la teoría de la evolución. 2022-01-09 (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).
  2. (Gaztelaniaz) Pierce, Benjamin A.. (2009-07-07). Genética: Un enfoque conceptual. Ed. Médica Panamericana ISBN 978-84-9835-216-0. (Noiz kontsultatua: 2022-11-03).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne