Johan Nygaardsvold (Hommelvik, Sør-Trøndelag, 1879ko irailaren 6a – Trondheim, 1952ko martxoaren 13a) norvegiar politikaria izan zen. Norvegiako lehen ministroa izan zen 1935etik 1945era, 1940tik 1945era erbestean.
Hamabi urterekin zerrategi batean hasi zen lanean. 1901ean Albine Regine Brandslet-ekin ezkondu zen eta hurrengo urtean bikoteak Kanadara emigratu zuen. Johanek British Columbian eta Estatu Batuetako iparraldean lan egin zuen, eta United Workers of the World erakundeko astintzailea izan zen. 1907an Norvegiara itzuli ziren.
Norvegiako Alderdi Laboristako kidea izan zen, eta 1916an parlamentuko kide hautatu zuten. 1949 arte ez zuen eserlekua utzi. 1920tik 1922ra bere jaioterriko alkate izan zen.
1924an Nekazaritza ministro izendatu zuten eta 1934tik 1935era Stortingeko presidente izan zen. 1935ean lehen ministro hautatu zuten, eta 1940an alemanek Norvegia okupatu zuten. 1940ko ekainaren 7an, Nygaardsvold buru zuen erbesteko gobernu norvegiarra Londresen kokatu zen. 1945eko maiatzean alemaniarren porrotaren ondoren, Nygaardsvold Norvegiara itzuli zen eta ekainean dimisioa eman zuen koalizio gobernu bati bide emateko.
Bere agintaldian erreforma sozialak sartu zituen, hala nola pentsio- eta langabezia-aseguruak, lan-ordutegien erregulazioa, opor publikoak, etab.