Join, or Die

Benjamin Franklinen Join, or Die birziklatu zuten kolonia ohiek bat egin zezaten britainiar agintearen aurka

Join, or Die (euskaraz: "Batu ala hil") marrazki politiko ospetsu bat da. Benjamin Franklinek sortu zuen eta 1754ko maiatzaren 9ko Pennsylvania Gazette-n agertu zen estreinako aldiz. Gazetteko argitalpen hura, kolonien elkartzearen aldeko britainiar kolono baten ezagutzen den lehenengo marrazkia da. Xilografia bat da eta, bertan, zortzi zatitan moztutako sugea agertzen da; zati bakoitzak Ameriketako britainiar kolonia edo eskualde baten izena dauka. Ingalaterra Berria zati bakarra bailitzan agertzen da, garai haietako lau kolonia izan beharrean. Era berean, Delaware eta Georgia ez dira agertzen. Beraz, sugeak 8 zati dauzka, 13 zati izan beharrean. Karikatura Franklinen kolonien egoerari buruzko editorial batekin agertu zen. Editorialean koloniak bananduta zeudela esaten zuen, eta batzearen alde egiten zuen. Izan ere, garai haietako sineskeria baten arabera, ilundu baino lehen moztutako suge baten zatiak batuz gero, berpiztu egingo zen. Marrazkia kolonien askatasunaren ikur bilakatu zen ameriketako iraultzean.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne