Jose Antonio Agirre Lekube —garaiko izen sisteman, Agirre ta Lekube'taŕ Joseba Andoni— (Begoña, Bilbo, Bizkaia, 1904ko martxoaren 6a - Paris, Frantzia, 1960ko martxoaren 22a) politikari abertzale eta jeltzalea izan zen. 1936ko urriaren 7tik 1960 arte, Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakaria.
Espainiako Gerra Zibilaren garaian, Eusko Gudarostearen buruzagitza hartu zuen bere gain, eta autonomia estatutuak ardura eman zion eremuan (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) defentsa antolatzen saiatu zen, konbergentziako gobernu bat osatuz. Gerra amaieran, porrota eta erbesteratuen ihesa kudeatu behar izan zituen. Aliatuei lagunduz, haiekin bat egitea bilatu zuen atzerrian, baina Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, haiek uko egin zioten Euskal Herriari Francoren zapalkuntza kentzeari. Ondoren, Europar Batasunaren sortzaileetatik hurbil ibili zen, eta Europako Demokrazia Kristaua antolatzen lagundu zuen, partaide gisa esku hartuta.
Gaur egun arte iraun duen mirespena eta begirunea sortu zuen Agirrek, aurkari politikoen artean elkarrizketa eta adostasuna eragiteko trebetasun aparta zuelako, mundu osoarekin elkartasunez jardun zuelako, eta, ideologia kristau eta abertzaletik abiatuta, politika, gizarte nahiz kultura arloetan asmo aurrerakoiak bultzatu zituelako. Honela dio Patxi Juaristi soziologoak:[1]
« | Agirrek bezala, abertzaletasuna ingurukoekin solidarioa dela eta emateko gai dela erakutsiko duten politikariak behar ditugu; ideologien eta alderdikerien gainetik, akordioetara helduko diren politikariak; zintzotasunez eta eskuzabaltasunez jokatuko dutenak. | » |