Jose Migel Barandiaran | |
---|---|
(1979) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Jose Miguel Barandiaran |
Jaiotza | Ataun, 1889ko abenduaren 31 |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Heriotza | Ataun, 1991ko abenduaren 21a (101 urte) |
Familia | |
Aita | Francisco Antonio Barandiaran Aizpuru |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | apaiz katolikoa, antropologoa, arkeologoa, etnologoa eta apaiza |
Jasotako sariak | |
Kidetza | Euskaltzaindia Aranzadi Zientzia Elkartea Real Academia Española Eusko Folklore elkartea Eusko Ikaskuntza |
Izengoitia(k) | Aita Barandiaran eta On Joxe Miel |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Jose Migel Barandiaran Aierbe —(on) Joxemiel Barandiaran edo aita Barandiaran izenez ere ezaguna— (Ataun, Gipuzkoa, 1889ko abenduaren 31 – 1991ko abenduaren 21a), antropologoa, etnografoa eta apaiza izan zen, mendez mende iraunagatik betiko galtzeko zorian zen euskal kultura biltzen, aztertzen eta ahanzturatik salbatzen egin zuen lan eskerga dela kausa Euskal Herrian eta nazioartean ospetsua.[1][2][3][4] Urte askoan gogo nekaezinez eta zientziaren metodoak erabiliz egindako berebiziko ikerketa lan haren ondorioz, elkarte askotako kide izendatu zuten: Real Sociedad Española de Antropología, Etnografía y Prehistoria; Sociedad Ibérica de Ciencias Naturales; Euskaltzaindia; Real Academia de la Lengua Española; Société Française d'Ethnographie; Folklore Society; eta abar. Arrazoi berberarengatik, honoris causa doktore izendatu zuten Euskal Herriko Unibertsitateak, Gasteizko Teologia Fakultateak, Deustuko Unibertsitateak eta Madrilgo Complutense Unibertsitateak.
Euskal kulturan eta abertzaletasuna zein euskal izaera ulertzeko ikuspegian eraginik handiena izan duen egileetako bat da. Euskal mitologia Neolitotik hona dakarren haria irudikatu zuen, euskaldunen antzinakotasuna aldarrikatuz. 1960ko hamarkadatik aurrera egondako egile askoren inspirazio iturri izan zen[5].
Bere lan handia zaintzeko eta hedatzeko xedez, Barandiaranek berak, Eusko Ikaskuntzarekin batera, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa sortu zuen 1988an; 2022an oraindik ere ikerketa bultzatzen eta Barandiaranen irudia hedatzen segitzen du fundazioak. Ataungo San Gregorio auzoan, bestetik, Barandiaran museoa dago, ikerlaria bizi izan zen etxean, hain zuzen.