Judoa (japonieraz 柔道 jūdō, hitzez hitz hartua «bide samurra» edo «malgutasunaren bidea») japoniar borroka arte bat da, 1882an Jigorō Kanōk sortua, pedagogia fisiko, mental eta moral gisa. Borroka bide tradizionalarekin alderatuta, judoa shin budō bat da, hau da, «borroka arte modernoa», beraren adar bat bilakatu baita borroka kirol eta kirol olinpiko, 1964ko Tokioko Olinpiar Jokoen karietara.
21 urte zituela, borroka arteetako maisuen hiru densho (menkyo edo irakaskuntza baimenen baliokideak) eskuraturik, Jigorō Kanōk bere metodo propioa hartu zuen, «jūdō kodōkan» izendatuta.[1] 1920an, bere artearen filosofia bi goibururen bidez definitu zuen: «Seiryoku zenyo», energiaren erabilera egokia, eta «Jita kyoei», elkarrekiko laguntza eta oparotasuna.
Kanōk borroka arteen eskola zaharretako edozein teknika arriskutsu baztertu zuen, judoa hezkuntza sistema bat bihurtzeko, jarduera fisiko eta moralerako, bere herrialdeko gazteentzat. Aldarazi egin zuen esku biluzizko borroka gerlari eta basati hura (gaur egun jiu-jitsu izenaz ezagutzen dena) etikaren eta autokontrolaren bilaketa nagusi dituen arte bat bihurtzeraino, norberaren nortasuna eta gogo aldarte konstruktibo eta ez-bortitza garatzeko.
Norgehiagokan, judokaren helburu nagusia da aurkaria botatzea, edo lurrera eramatea eta geldiaraztea (kontrol teknikak), edo giltzadurekin eta itotzeekin uztera behartzea. Judoaren arauak eboluzionatu egin dira borroka artearen eta perkusio tekniken sorreratik, eta arma tradizionalak ez daude baimenduta, non eta ez den forma teorikoan (kata); ez dira onartzen ez lehian, ezta praktika librean (randori) ere .
Judoa egiten den lekuari dojo deitzen zaio (道場, dōjō, hitzez hitz «bidea ikasteko lekua»). Judoka[2] izena jasotzen duten kirolariek kotoi indartuko jantzi bat daramate, judogi izenekoa, nahiz jende askok kimono esaten dion, oker, kimono[3] hitzak beste arropa mota bat adierazten baitu japonieraz). Judogia zuria da gehienetan, baina nazioarteko lehiaketetan borrokalarien arteko bereizketa errazteko, bi judoketako batek judogi urdin bat eraman dezake. Judoa oinutsik egiten da, eta judogiaren azpian biluzik gizonezkoetan, edo barrengo kamiseta zuri batekin, emakumezkoetan.
Judokek entrenamenduak eta lehiaketak egiten dituzte lauki formako gainazal lau batean, tatami izenekoa. Tatamia elkarren ondoan jarritako alfonbra multzo batek osatzen du. Hauek dentsitate handiko apar hedatuz eginda daude, horrela erorketak leuntzeko. Hasieran, arroz txirikordatuaren lauza lodi eta trinko bat erabiltzen zen.