Judu-hizkuntzak judu-elkarteek munduan zehar erabilitako hizkuntza eta dialektoak dira.
Nahiz eta mende askotan zehar hebreeraz mintzatu, V. mendean aramerak hebreerarekin bat egin zuen Judean[1] eta III. menderako diasporako juduek grezieraz baino ez zuten egin. Ordutik aurrera hebreera ez zen ama hizkuntza izan eta hamasei mendez hizkuntz-liturgiko bilakatu zen[2]. 1880ko hamarkadan Eliezer Ben-Yehudak Palestinan hizkuntza berpiztu eta Israelgo hizkuntza ofizial bihurtu zen.[3]
Judu-hizkuntzetarik mintzatuenak yiddisha, ladinoa eta judu-arabiar hizkuntzak ziren. Yiddisha Erdialdeko Europan bizi ziren askenaziek erabilitako judu-alemana da, eta ladino edo judezmoa, berriz, Iberiar penintsulan bizi ziren sefardiek erabilitako judu-gaztelania.[4] Elkarte bakoitzaren bilakaerak eta holokaustoak hizkuntza asko desagerrarazi zituzten.
Yiddisha izan zen inoiz judu gehienek erabilitako hizkuntza. Hala ere, egun, juduek gehien hitz egiten dituzten hizkuntzak ingelesa, hebreera eta errusiera dira.[5]
Euskal Herrian hizkuntza hauetako bat ere agertu zen, judu-aragoiera hain zuzen ere: nafar-aragoieratik eratorritako hizkuntza edo dialekto erromantze bat, Nafarroako Erresumaren eta Aragoiko Koroaren lurretako hainbat tokitan mintzatua.