Juduen historia

Juduen tradizioaren arabera, Jakob, Rembrandten koadro honetan aingeruarekin borrokan agertzen dena, Israelgo tribuen aita izan zen.

Juduen historia judu-herriaren eta beren nazio, erlijio eta kulturaren historia da. Nahiz eta judaismoa erlijio gisa lehen aldiz Greziako erregistroetan agertzen den garai helenistikoan (K.a. 323–31), eta Israelen lehenengo aipamena Merneptah-ren Estelan dagoen grabatua (K.a. 1213–1203), israeldarren istorioa kontatzen duen erlijio-literaturak K.a. 1500. urteraino atzera egiten du. Diaspora judua Asiriako gatibualdiarekin hasi zen eta neurri askoz handiagoan jarraitu zuen Babiloniako gatibualdian. Juduak Erromatar Inperio osoan zehar ere egon ziren hedatuta, baita Mediterraneoaren erdialdean eta ekialdean ere, Bizantziar Inperioaren agintepean. 638. urtean Bizantziar Inperioak Sortaldearen kontrola galdu zuen. Rasidar Kalifaldiak, Omar kalifaren ardurapean, Jerusalem eta Mesopotamia, Siria eta Egiptoko lurrak konkistatu zituen. Al-Andaluseko kultura juduaren urrezko aroa eta Europako Erdi Aroa aldi berean gertatu ziren, Iberiar penintsula ia osoa musulmanen mende zegoenean. Garai hartan, juduak orokorrean onartuak zeuden gizartean, eta juduen bizitza erlijioso, kultural eta ekonomikoa loratu egin zen. XII. eta XV. mendeen artean, askenazi juduek jazarpen izugarria jasan zuten Erdialdeko Europan, eta ondorioz Poloniara emigratu zuten masiboki.[1][2]

Otomandar Inperioaren hasieratik aro klasikoaren amaierara arte (1300–1600), juduek, inperioaren beste komunitate gehienekin batera, nolabaiteko oparotasun-maila izan zuten. XVII. mendean, populazio judu garrantzitsu ugari zeuden Mendebaldeko Europan. Pizkundean eta Ilustrazioan aldaketa nabarmenak izan ziren juduen artean. Juduak XVIII. mendean hasi ziren neurri murriztaileen aurka juduen burujabetza aldarrikatzen eta, oro har, Europako gizartean integratzearen alde borrokatzen. Mendebaldeko Europako juduei gero eta berdintasun handiagoa ematen zitzaien legearen aurrean, baina gero eta jazarpen eta lege-murrizketa handiagoak izan zituzten Kokaleku Gunean, pogrom orokortuak barne, eta bi milioi judu baino gehiagok Estatu Batuetara egin zuten ihes 1881 eta 1924 artean.[3] 1870ko eta 1880ko hamarkadetan, Europako juduak Israelera itzultzeko eta nazio judua bertan ezartzeko eztabaidatzen hasi zen. Mugimendu sionista 1897an sortu zen ofizialki. Europako eta Estatu Batuetako juduek arrakasta izan zuten zientziaren, kulturaren eta ekonomiaren alorretan. Famatuenen artean Albert Einstein zientzialaria eta Ludwig Wittgenstein filosofoa daude. Nobel Sariaren irabazle asko juduak izan dira.[4]

1933an, Adolf Hitlerrek eta naziek Alemanian boterea hartu zutenean, juduen egoera gogorragoa bihurtu zen. Krisi ekonomikoek, lege antisemitek eta gertatzear zegoen gerrarekiko beldurrak judu askok Europatik Palestinara, Estatu Batuetara eta Sobietar Batasunera ihes egitea eragin zuten. 1939an Bigarren Mundu Gerra hasi zen eta 1941 urtera arte Hitlerrek ia Europa osoa hartu zuen, Frantzia eta Polonia barne, non milioika judu bizi ziren. 1941ean, Sobietar Batasunaren inbasioaren ondoren, Azken Konponbidea hasi zen. Aurrekaririk gabeko eskala batean antolatutako operazio zabala izan zen, judu-herria suntsitzeko egina. Europa politikoan juduen jazarpena eta hilketa eragin zuen, Europaren mendeko Iparraldeko Afrika barne (Marokoko Protektoratu Frantsesa, Aljeria Frantsesa, Tunisiako Protektoratu Frantsesa eta Libia italiarra). Genozidio horri Holokaustoa edo, hebreeraz, Shoah, deitzen zaio. Sei milioi judu inguru sarraskitu zituzten. Polonian hiru milioi judu hil zituzten guztira sarraski-esparruetako gas ganberetan, eta milioi bat Auschwitzeko sarraski-esparruan soilik.

Palestinara, 1920tik Britainiar Mandatuaren mende egon zen tokira, juduen migrazio-olatu handiak joan ziren Holokaustoaren aurretik eta hura gertatzen ari zen bitartean. 1948an mandatua amaitu ondoren, David Ben-Gurionek maiatzaren 14an Eretz Israel-en Estatu judu baten ezarpena aldarrikatu zuen, Israelgo Estatua deritzona. 1948tik 1949ra lehen gerra arabiar-israeldarra gertatu zen. 1949an amaitu zen gerra, eta Israel estatua eraikitzen hasi zen, mundu osoko milaka judu bertara bizitzera joan ziren bitartean. 2020ean Israelen 9,2 milioi pertsona bizi ziren, eta horietatik 6,7 milioi juduak ziren. Juduen komunitate handienak Israelen eta Estatu Batuetan daude eta komunitate garrantzitsuak daude Frantzian, Kanadan, Argentinan, Errusian, Erresuma Batuan, Australian eta Alemanian.

  1. (Ingelesez) Mosk, Carl. (2013). Nationalism and Economic Development in Modern Eurasia. Routledge ISBN 978-0415605182..
  2. (Ingelesez) Harshav, Benjamin. (1999). The Meaning of Yiddish. Stanford University Press.
  3. (Ingelesez) Lewin, Rhoda G. (1979). Stereotype and reality in the Jewish immigrant experience in Minneapolis. .
  4. (Ingelesez) Jewish Nobel Prize Winners. .

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne