Jules Émile Frédéric Massenet (Montaud, Saint-Étienne inguruan, 1842ko maiatzaren 12a - Paris, 1912ko abuztuaren 13a) frantses musikagilea izan zen. Bere belaunaldiko frantses opera-egile nagusia. A. Thomasen ikasle izan zen Parisko Kontserbatorioan, eta 1878-1896 urteetan hango Konposizio irakasle. G. Charpentier, Koechlin, Leroux eta Enescu, besteak beste, ikasle izan zituen. Manon (1884), Prévost-en lanean oinarritua, Werther (1892) eta Thaïs (1894) operekin bere maisutasuna erakutsi zuen; arrakasta handia izan zuen. Masseneten musika-lanetan lirismoa da nagusi, sentsualitatea eta antzerkirako gaitasun bikaina. Musika intzidentala, balletak, kantatak, orkestrarako lanak eta kantu ugari ere idatzi zuen.