Retegi II.a | ||||
---|---|---|---|---|
Izen osoa: | Julian Retegi Barberia | |||
Jaiotza data: | 1954ko urriaren 10a (70 urte) | |||
Jaioterria: | Eratsun (Nafarroa Garaia) | |||
Pilotaria | ||||
Modalitatea: | esku huskako pilota | |||
Egungo enpresa: | erretiratua | |||
Postua: | aurrelaria | |||
Altuera: | 1,75 m | |||
Debutatze data: | 1974ko uztailaren 14a | |||
Debutatze pilotalekua: | Zinema (Zarautz) | |||
Erretiratze data: | 2001eko irailaren 20a | |||
Erretiratze pilotalekua: | Adarraga (Logroño) |
Julian Retegi Barberia, pilota arloan Retegi II.a deituraz ezaguna (Eratsun, Nafarroa Garaia, 1954ko urriaren 10a) esku huskako pilotari profesional ohia da. Aurrelari jokatzen zuen, eta esku huska jardun duten pilotari guztien artetik hoberenetakoa da; pilotazale askoren ustez, inoizko hoberena, Atano III.arekin batera.[1] Beste inork baino gehiagotan irabazi du esku huskako txapelketa nagusia, buruz burukoa: guztira 11 txapel lortu ditu. Eta, hiru txapelketa nagusiak kontuan hartuta ere (buruz burukoa, binakakoa eta lau eta erdikoa) Retegi II.a da txapel gehien jaso dituena: guztira 20 (zerrenda horretan hurrengoak, Olaizola II.ak, 14 irabazi ditu); adituen artean adostasun zabala dago gehiago ere irabaziak izango lituzkeela, lau eta erdikoa lehenago berrezarri izan balitz (1989 arte kenduta egon baitzen). Retegi da urte berean hiru txapelketa nagusiak irabazi zituen lehena, 1990ean. Euskalduna da.