Justizia oinarrizko printzipio filosofikoa, juridikoa eta morala da: printzipio horren arabera, giza ekintzak onartu edo baztertu egin behar dira, ekintza horiek moralari (ongiari), zuzenbideari, bertuteari edo portaeren beste edozein arauri erreparaturik duten meritua aintzakotzat hartuz.
Justizia irismen unibertsaleko printzipioa izan arren, kultura batetik bestera asko aldatzen da zer jotzen den bidezkotzat. Justizia, askotan, gizarte bizitzarako eta zibilizaziorako funtsezkotzat hartzen den ideal bat da.
Estatu baten barruan, "Justizia" erakunde multzo bat da (polizia, auzitegiak, kartzelak…), legearen erresuma inposatzen duena eta printzipio filosofikoarekin beti beharrezko loturarik ez duena. Indarrean dagoen agintaritzaren legeak errespetarazteko funtsezkoa da, zilegi izan ala ez. Suposatzen da justiziak legea errespetatzen ez duen edonor zigortzen duela legeak irakastea helburu duen zigor batekin, zigor horrek, helburu didaktiko horretaz gain, ondare pribatuan zein komunean edo ingurumenean egindako akatsak konpontzen lagunduko duela.
Justizia, balio politiko gisa, zerrenda guztien erdigunean agertzen da. Ez da gobernariek soilik izan behar duten balioa, edozein instituziok edo pertsonak izan behar duen balioa da. Justizia da autoritate politikoa justifikatzeko erabiltzen den arrazoi nagusietako bat, izan ere, autoritate politikoak justizia bermatu behar du.[1]